Abenduaren 7an hasi eta 16an buka, egungo mendi zinemagintzarik onenaz batera haren inguruko glamour guztiaz gozatzeko aukera aparta ekarriko du Mendi Film Festivalek Bilbora. Bilboko Euskal Museoan egin den ekitaldian, babesle nagusiek eta Mendi Film Festivaleko ordezkariek aurkeztu dute 11. edizioa.
2008an sortu zen Mendi Film Festival, lehen lau edizioak Gasteizen egin ziren, eta 2012az geroztik Bilbon ospatu da. Hamarkada oso bat burutu ostean, bigarren hamarkadako kolpean motibazio eta ilusio berrituekin sartu da mendiko zinemaren mundu mailako erreferente den jaialdi hau. Aztarnei segiz, aztarnak sortu. Hori da 11. edizioko leloa: #AZTARNAK
SAIL OFIZIALA
Guztira mendia, abentura, muturreko kirolak, natura, etnografia… gaiak jorratzen dituzten 58 film ikusi ahal izango dira aurtengo edizioan.
- 55 Sail Ofizialean
- 2 Zabalandi atal berrian
- Mendi Short laburmetraia amateurren lehiaketako irabazlea izan den filma
Sail Ofizialerako 55 dira film hautatuak. Guztira 158 aurkeztu dira aurten bost Kontinenteetako 32 herrialdetatik, inoiz izan dugun kopururik eta bidalketa jatorririk handiena eta zabalena, eta galbahe lana gogorra bezain gozagarria izan da.
Maila handiko filmak proiektatuko dira Euskalduna Jauregian, Sala BBK-n eta Golem Alhondiga zinemetan 10 egunez, egungo mendi zinemagintzarik onena ezbairik gabe.The Dawn Wall filmak zabalduko du Sail Ofiziala, abenduaren 7an, ostirala, Euskalduna Jauregiko Auditorio Nagusian.
Tommy Caldwell protagonista bertan izango da, eta baita Peter Mortimer zuzendaria Sender Films estudio emankorraren izenean, eta Philipp Manderla Red Bull Media House ekoiztetxearen izenean.
Hasierako Ekitaldirako sarrerak agortzear zeudela, jaialdia hasi baino bi aste lehenago eskaintza zabaldu du Bilbao Mendi Film Festivalek, film horren gose eta Caldwell bertatik bertara ezagutzeko gogoz dauden zaleentzat.