Gatibu taldeak lan berria plazaratu du: 'Azken indioak'

uriola.eus 2018ko aza. 30a, 13:39

Zortzigarren diskoa kaleratu du gaur Gatibuk. Azken indioak izeneko lana sonoritate eta ezaugarri berriekin dator.

Gaur aurkeztu dute azken lana Gatibuko taldekideek. Bira kulturgunean egindako solasaldian disko berriaren nondik norakoak azaldu dituzte. Diskoa taldearen ibilbidean mugarria izatea nahi zuten. Horregatik, "arnasa sakon hartu eta erabaki garrantzitsuak hartzeko ordua dela" erabaki zuen taldeak. Salto handia egin zuten diskoa ontzerakoan, itsasoz bestekoa. Izan ere, Texaseko (AEB) Sonic Ranch estudio ospetsuetara joan ziren kantuak grabatzera.

Soinu aldetik berrikuntza ugari dakartzala azpimarratu dute taldekideek. Haize instrumentuen sekzio ugari sartu dituzte, esaterako. Gainera, lehen aldiz aritu dira lanean produktore batekin, eta bere eskutik "bide berriak" hartu dituzte.

Zazpi abesti biltzen ditu diskoak, "gustu eta egoera desberdinetarako", Alex Sarduik azaldutakoaren arabera. Lanaren izenburua Texasen grabatzen ari zirela otu zitzaien. Euskaldunok Europako "azken indioak" garela bai, baina kultura bizia dugula aldarrikatu nahi izan dute taldekideek.