Ligako 14 jardunaldietan norgehiagoka bakarra irabazi du Eduardo Berizzok eta, atzo jasandako porrotaren ondoren, Josu Urrutiak gidatzen duen Batzorde Gestorak entrenatzailearen kontratua bertan behera uztea erabaki du. Bere ordezkoa, gaurtik aurrera, Gaizka Garitano izango da. Beraz, ostegunean El Alcorazen Gaizka izango da entrenatzailearen jesarlekuan egongo dena.
Izan ere, Eduardo ez da taldearen boladari buelta emateko gai izan. Athleticek, lehen aldiz 120 urtetan, 13 partidu jarraian eman ditu Ligan irabazi gabe, Sarriugarteren eta Mendilibarren zenbakiak gaindituz. Gauzak horrela, Levanten atzo 3-0 galdu ostean, aldaketa bat beharrezkoa suertatzen zen, eta gaur bertan entrenatzaile aldaketa iragarri dute.
Gaizka Garitano etxeko entrenatzailea izango da hurrengo partiduetan lehenengo taldeko entrenatzailea. Garitano, lehen taldearekin jokalari bezala debutatzeko aukera izan zuen, partidu bakarrean, eta orain entrenatzaile izateko aukera izango du. Orain arte, Bilbao Athleticeko entrenatzailea izan da baina lehenengo mailan badauka eskarmentua.
Eibarren hasi zen entrenatzailaren laguntzaile gisa. 2012an lehenengo entrenatzailea bilakatu zen. 2012-13 denboraldian bigarren B mailatik bigarren mailara igotzea lortu zuen. 2013-14 denboraldian bigarren maila irabazi zuen, lehenengo mailara igotzen. 2014ko udan kontratua urte batez berritu zuen Eibarrekin. Horrez gain, Deportivon ere egon zen lehenengo mailan.
Pasa den urtean, Cuco Zigandak Bilbao Athleticetik lehen taldera salto eman zuenean talde horretako arduraduna bihurtu zen. Gaur, Cucok egin zuen antzera, ibilbide berdina egiteko aukera izango du, erronka handiago batekin: taldearen bolada guztiz aldatzea eta taldea jaitsiera postuetatik ateratzea. Gutxienez, presidente berria etorri arte, bere lana hori izango da. Esan bezala, lehenengo partidua ostegun honetan izango da, Kopako itzulerako partidua Huescan eta abantaila polit batekin dinamikak aldatzeko eta eskema barriak martxan jartzeko.