Topa Gaitezen:
Abenduaren 4a da gaur. Ez da hilabete pasa Portugaleteko Merkatuan 100 gazte inguru euskararen inguruan eztabaidatzeko batu ginenetik. Egunak berak luzerako eman zuen, goizeko 10:30etan hasi eta gaueko 20:30etan bukatu ziren prestatuta genituen eztabaida-dinamikak; leher eginda bukatu genuen bai, baina baita esperantzarekin ere, pausu bat aurrera eman duenaren uste sendoarekin. Izan ere, gazte eta euskaltzale bezala izan nahi dugun horren lehen zertzeladak eman genituen eta aurrera egiteko oinarri sendoa jarri.
Egun osoko eztabaidaren ondorioa bost hitzetan laburbildu dezakegu: euskaratik aritzera goazen gazteak garela.
Argi baitugu euskarak eta hizkuntzek balio komunikatiboaz gain pertsona eta herri gisa dugun garapenean duten garrantzia. Horrela, euskarak eta hizkuntzak ikuspuntu horretatik aztertzeko ariketa egingo dugun gazteak izango gara, hizkuntzei balio komunikatiboaz gain duten balioa aitortuko dietenak. Horretarako hizkuntzen balio eta ulerkeren inguruko hausnarketak piztuko ditugu, tokian tokiko errealitatera egokitzeko helburuarekin, beharrezko diren hausnarketa baliabideak mahai gainean jartzeko konpromezua hartuz. Eskualdeetatik herrietara, Igorretik Bilbora, gaztetxeetatik ikastetxe eta unibertsitatera. Gazteen arteko saretze eta elkar ezagutza bultzatu nahi dugu, bakoitzaren errealitateak ekarpena egin dezan, gero kolektibo bat eraiki dezagun. Ezin ahaztu, noski, gure aurrekoek egindako lana; horregatik belaunaldien arteko transmisioa sustatuko dugu, iraganeko erabakiak aztertuz etorkizuna irudikatzeko. Saretze, hausnarketa eta baliabideen bitartez, gaur hausnarketa direnak biharko norabidea markatu dezaten.
Hau egiteko ez goaz egitura zurrunik sortzera, mugimendu izan nahi dugu, egunero zabaltzen doan mugimendu bat. Gure oraingo esparruetan euskaratik eragiten hasiko gara, gure egunerokoan sufritzen ditugun zapalkuntzak azaleratzen eta ikusarazten. Euskaratik lan egingo duten mugimendu erreferenteak sortuko ditugu aukera dugun tokietan. Euskararen aferan lanean diharduten eragileekin lan egin eta eragile horien arteko elkarlana sustatuko dugu, zapalkuntza ezberdinen aurka borrokatzen diren gainerako mugimenduekin ere elkarlanean arituz. Gutxinaka-gutxinaka, hausnarketak bideratuz eta hausnarketetan sakonduz komunitatea ehuntzeko, eta komunitatetik herria eraikitzeko.
Abenduaren 4a da gaur bai, Euskal Herria Euskaraldiaren erronkaren osteko biharamunarekin dabil, balorazio eta pentsamoldeekin. Guk baina, Amets Arzallusek aditzera eman bezala, badakigu 12. egunak duen garrantzia; eta euskaraldian gogotsu parte hartu ostean, Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraldatzeko erronkari heldu diogu.
Ez da makala egitera goazena, ez horixe! Baina ez da makala ere euskal komunitate saretu batek daukan potentziala. Hemen gaude, eta umiltasun osoz zera diogu, gu lanean hasiko garela, eta bai Bizkaiko gazte guztiei, baina baita Euskal Herriko gazte guztiei ere, euskaratik eta euskaraz aritzeko eta lan egiteko deia luzatzen diegula.