‘Pitzatu, Gazte Boterez Euskal Herria eraikitzen’ liburua aurkeztu dute

uriola.eus 2018ko abe. 5a, 18:14

‘Pitzatu, Gazte Boterez Euskal Herria eraikitzen’ Ernai eta Ipesen artean ekoiztutako hausnarketa, eztabaida eta ekinbiderako gonbita bat da. Azken bi urteotan elkarlanean aritu dira, emeki emeki, gazte boterearen gaineko ariketa berri bati gorputza ematen. 

Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Baionan eztabaidak egin zituzten hainbat gazterekin 2016 urtearen hondarrean eta iaz, UEUko Udako Ikastaroen baitan lan saioa izan zuten Iruñean berriz. Gerora, Ernairen ‘Inurritegia’ eztabaida prozesuan ekarpenez josia izan da eta amaitzeko, liburuxka hau ekoizteko lanetan izan dira eskuz esku.

Hausnarketa, eztabaida eta ekinbiderako gonbita da ‘Pitzatu, Gazte Boterez Euskal Herria eraikitzen’ liburua, beraz, azaldu dutenez: "Ez genuke apalategia apaintzeko edota oheak dantzarik ez egiteko erreminta bat izaterik nahi. Alderantziz, forma errektangularra mantentzerik ez duen liburu erabili bat izatea nahiko genuke, azpimarraz eta apuntez josia barruan. Irakurria eta eztabaidatua izateko jaio da liburu hau, eta baita -edo beraz-, ekintzarako bide izateko, Gazte Boterea indartzeko bide, Euskal Herria eraikitzeko bide."

Liburua gaur arratsaldean aurkeztu dute Durangoko Azokan, eta bertan 5 eurotan salgai egongo da. Hortik aurrera, IPESen lanak aurkitu daitezkeen tokietan egongo da. Aste honetan, adibidez, Durangoko Azokako Goienkaleko 63. zenbakian aurkituko dituzue.