Bilboko Udala, Gabonetako egitarauak antolatzearekin batera, bete-betean ari da 2019ko inauteria prestatzen. Zehazki, Bilboko Udalak dagoeneko egin du deialdia jairik informalena eta ausartena iragartzeko kartelaren lehiaketarako. Deialdiak, gainerako kartel-lehiaketetan bezala, herritarren parte hartzea dauka oinarritzat, jaien euren izaera aintzat hartuz.
Hori dela-eta, bai diseinuaren profesionalek bai zaletuek aukera izango dute urtarrilaren 25era arte beren proposamenak aurkezteko eta 2019ko inauterien irudi bihurtzeko, datorren otsailaren 28tik martxoaren 5era ospatuko baitira Bilboko Urian.
Lehiaketara aurkeztuko diren obrek jatorrizkoak izan behar dute, kolore eta teknika librezkoak izango dira, goiburu bat edo izenburu bat izan behar dute, eta ez dute eroango autorearen sinadurarik. Epaimahaia Jaien Batzorde Mistoko ordezkariek eta kulturaren eta diseinuaren munduko ordezkariek eratu behar dute, eta hark sei kartel hautatuko ditu finalista gisa.
Sei proposamen horiek erakusgai jarriko dira, eta herritarren eskariaren prozedura igaroko dute, halako moldez non haiek botoa eman ahal izango duten, epaimahaiarekin batera, bertara joanez edo udalaren webaren bitartez. Kartelen artean irabazle izango da punturik gehien lortzen dituena, herritarren bozketak emaitza eta epaimahaiaren bozketako emaitza batuz punturik gehien jasotzen dituena, alegia.
Hala, bada, honela banatuko da botoen balioa:
- Herritarrek tokian bertan emandako botoak (% 33)
- Herritarrek udalaren web orriaren bidez emandako botoak eta hedabide laguntzaileek emandako botoak (% 33).
- Epaimahaiaren irizpena, diseinuaren munduko profesionalen ordezkaritzak garrantzi handia izango duelarik (%33)
Iazko hautaketan berrogeita hamar lan aurkeztu ziren, hainbat lekutakoak: Gipuzkoa, Nafarroa, Castelló, Bartzelona, Asturias, León, Andaluzia eta Madril. Hala ere, gehienak Bilbokoak izan ziren.
Interesatuek Udalaren web orrian kontsultatu ahal izango dute gai honi buruzko informazio guztia, eta beren proposamenak aurkezten hasi. Irabazleak 2.000 euroko sari bat jasoko du.