Euskal kulturari loturiko hainbat jarduera Gabonetan Deustun

uriola.eus 2018ko abe. 10a, 12:06

Auzoetan hainbat jarduera programatu dira abendurako, “Kultur Gabonak” programaren barnean; horren harira, Deustun, beste urte batez, euskal kulturari eta euskarari loturiko hainbat jarduera egingo dira.

Programazioa gaur bertan hasiko da, Deustuko udaltegian, bertso-saio batekin. Bertan izango dira Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina, 2017ko azken txapelketa nagusiko lehen hiru sailkatuak.

Guztira, dozena erdi jarduera antolatu dira familia eta helduentzat. Programazioak hilaren 17an jarraituko du, poesia-topaketa batekin. Han izango da Harkaitz Cano idazlea, Euskadi Literatura saria hiru aldiz irabazi duena. Argitalpen ugari ditu idazleak: “Beti oporretan” ipuin-bilduma, “Twist”, “Beluna jazz” eta “Belarraren ahoa” eleberriak, “Piano gainean gosaltzen” autofikzio-kroniken bilduma, eta lan horretatik sortu zen “Norbait dabil sute-eskaileran” poema-liburua. Horrez gain, jatorrian gaztelaniaz idatzitako poema-liburu bat ere badauka. Topaketa herritar guztiei zabalik dago, eta 19:30ean izango da, doan.

AGENDA

ABENDUAK 10
19:30 Deustuko udaltegia
Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina
Bertso-saioa (helduentzat)

ABENDUAK 17 
19:30 Deustuko udaltegia
Harkaitz Cano. Poesia-topaketa (edonorentzat)
euskara eta gaztelania

ABENDUAK 20 
19:30 Deustuko udaltegia
ATX Teatroa “Bihotz salataria”
Antzerkia (helduentzat)

URTARRILAK 2 
18:00 Deustuko udaltegia
Zirika Zirkus “Tren geltokia”
Zirkua (edonorentzat)

URTARRILAK 3 
18:00 Deustuko udaltegia 
Eidabe “Mari eta gaileta fabrika” 
Antzerkia (7-13 urtekoentzat)

URTARRILAK 4 
18:00 Arangoitiko udaltegia 
Trakamatrakak 
Kontzertua/Tailerra elementu birziklatuak erabiliz. 
Musika (5 urtetik aurrera)