E28J Koordinakundeak "Pride marka den gay Harrotasun eredu jakin baten inposaketa" salatu du

uriola.eus 2018ko abe. 11a, 10:02

E28J Koordinakundetik Ortzadar LGTB gay koruak aste honetan zehar bere “LGTBI berdintasunerako politikei buruzko topaketa 2018: unibertsitatea” jardunaldietan burutu duen espektakulua ere salatu dute.

Hedabideei bidali duten oharrean hau azaldu dute:

E28J Koordinakundetik Ortzadar LGTB gay koruak aste honetan zehar bere “LGTBI berdintasunerako politikei buruzko topaketa 2018: unibertsitatea” jardunaldietan burutu duen espektakulua ere salatu nahi dugu.

Burura galdera hauek datozkigu: Nori zuzenduta daude jardunaldi hauek? Nor gonbidatu dute solasaldian ibiltzeko? Nor izan dute kontutan? Eta garrantzitsuena, noren izenean ari dira hitz egiten? 

“Topaketaren” izaera elitista salatu nahi dugu: 60 eurotako izen-ematea, gainera bertan behera utziz gero penalizatuta, aldi berean, ponperia eta arrandia askorekin eta esfera altuenen protokolo guztiak betez, agintariei opari, argazki ofizial eta bestelako pirotekniekin lausengatuz. Jada harreran argi utzi zuten amildegia esklusio espazioekin, non herri xehea (ez etorriak) eta elitea nahastezinak ziren, nahiz eta parte hartzea ez zen 40 pertsonetara heldu, kazetari, antolatzaile, ordaindutako gonbidatu eta azaldutakoak (gutxi)zenbatuta.

LGTB+ kolektiboen parte hartzearen aipamena salatu nahi dugu, faltsua da. Joandako kolektiboek alde egin zuten iruzurra egiaztatzean.

Formakuntza unibertsitarioari eta LGTB+ gaiari hezkuntzan ematen zaion tratuari buruz hitz egiterakoan, Euskal Herrian hainbat kolektiboen eskutik aurrera eramaten ari den lana ez baloratzea salatu nahi dugu. Eta gutxi izango balitz, LGTB+ mugimendu unibertsitarioa ere ez da kontuan hartua izan. Bestalde, aipatu nahi dugu Steilas sindikatuak “topaketen” ateetara eramandako salaketa: onartezina dela, Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, berdintasunari buruz hitz egitea, Hondarribiko Alarde diskriminatzaileari bere elkartasuna ematen dion bitartean.

LGTB+ kolektibo gabe edozein LGTB+ politika aurrera eramatearen ezintasunari buruz bertan izandako gonbidatu katalanen aipamena eskertu nahi dugu, eta era berean politika hauek eraman behar duten norabideari azpimarratzeagatik (behetik gora, zalantzarik egotekotan). Eskertzen dugu ere, gure eskubideen merkantilizazioaren arriskuak aipatu izana, dela unibertsitatearen esparruan, zein bestelako esparrutan.

Hau horrela, Ortzadar LGTB (jardunaldiren antolatzaileak) eta hauei babesa ematen dieten instituzioak salatzeko aprobetxatu nahi dugu. Izan ere, Pride marka den gay Harrotasun eredu jakin baten inposaketagatik, zeinek homogenizazioan zapaltzen gaituen eta gure kolektiboa erabili nahi duen, konplize izan nahi ez dugun gizarte eredu bat indartzeko. Ez diegu utziko desberdintasuna eragiten dituzten politikak inplementatzen dituzten bitartean, geure bandera eskutan dutela beraien aurpegia garbitzea. Guretzat intersekzionalitate hitzak edukia dauka. 

Beraz, Bizkaiako E28J osatzen dugun kolektibo eta norbanakoek, modu honetan osatutako foroetan gure izenean esaten den guztia baliogabetzen dugu. Instituzioei, LGTB+ politiken garapenerako bilatuko duten hizketakide eta politika hauek garatzeko moduari buruz hausnartu dezaten eskatzen diegu, honen baitan baitago hauek izan dezaketen balioa. Eta azkenik, Ortzadar LGTBri eskatzen diogu bere burua Koordinakunde honen parte izendatzeari uzteko.