Belakoren musika izango da Macbeth antzezlanak, Arriaga Antzokiaren hurrengo ekoizpen lan handiak eskainiko duen puntu erakargarri osagarrietako bat. Alex Gerediagak zuzentzen du Shakespeareren lan handiaren ikuspegi berritzaile eta harrigarria.
Zuzendari bilbotarrak eta bere taldeak tragedia azkar, aztoragarri eta odoltsua eszenara eramateko erronkari egin diote aurre; bertan kontatzen denari leial izateko xedez, eszenako eta zineko kodeak erlazionatzean oinarritzen den bere ohiko sorkuntza ildoa traizionatu barik. Musika ere oinarrizko elementua izan ohi da Gerediagaren sorkuntza lanetan, eta hor sartzen da Belako taldea. Musika taldearen abestiek oso pisu garrantzitsua izango dute antzezlanean.
Alex Gerediagak eta Miren Gaztañagak, Mikel Losadak, Iosu Florentinok, Arrate Etxeberriak, Na Gomesek, Gabriel Ocinak, Maria Urcelayk, Leire Uchak, Sandra Fdez. Aguirrek, Kepa Alessok, Iñigo Aranbarrik eta Pako Revueltasek osatzen dute antzezle taldea. Horrela, euskaraz estreinatuko da otsailaren 9an eta 10ean (ikasleei eta taldeei eskainitako emanaldiak ere egongo dira otsailaren 7an, 11n eta 12an) eta ondoren gaztelaniaz ikusi ahal izango da, otsaileko 14tik 17ra.
Macbeth-i buruz
Macbeth, bere merituak direla eta, Shakespeareren tragedia handienetakoa da. Istorio zirraragarria osatzeko elementu guztiak ditu: aginterako neurririk gabeko nahia, gerrak, sorginkeriak, mamuak, engainuak, traizioak eta indarkeria asko. Emaztearen nahiak bultzatuta ahalik eta botere gehien lortzeko duen itxaropenak, ustez zintzoa den gizona tirano odolzale bilakatzen duela erakusten digu, eta gaiztakeria horrek paranoiara, zoramenera eta, ezinbestean, erabateko galbidera daramala.