Euskal Museoak bere presentzia indartuko du aurtengo San Tomas jaian

uriola.eus 2018ko abe. 17a, 09:42

Areatzan, Arriagan eta Plaza Barrian (275 postu eta 135 ekoizle) kokatutako ohiko merkatuaz gain, Bilboko Alde Zaharrean dagoen Museoko Klaustroa izango da eguneko beste toki garrantzitsuetako bat.

Egun osoan zehar, Euskal Museoan euskal jai herrikoi horri buruzko argazki historikoekin gozatu ahal izango da. Era berean, Bizkaiko erakundeko zenbait gunetan Bizkaiko Txakolina eta Idiazabal jatorri-deiturako txakolin eta gazta dastatze komentatuak egingo dira, 25 minutuan zehar, 11:30ak eta 13:00ak bitartean. Bertan parte hartzeko, Museoan eman beharko da izena, abenduaren 21 egunaren goizean zehar.

Bizkaiko erakundeko Klaustroan biribilduko da eguna, merkatuan egon diren produktu onenei San Tomas sariak emanda. Aurten, azokan egongo diren ekoizleak 13 kategoriatan lehiatuko dira: frutak, loreak (landareak), gazta, ogia, txakolina (beltza, zuria eta gorria), talorik onena, barazkiak, eztia, euskal pastela, stand onena, ekoizle gaztea eta abereak. Aurtengo berrikuntza gisa, kategoria berri bat gehitu da, hau da, talorik onena, Bilbao Dendak elkartearen eskutik datorren saria.

Hori dela eta, nekazariei sariak entregatzeko ardura duen epaimahaia Museoko Klaustroan egongo da goiz guztian zehar, ezti, gazta, ogi eta txakolin kategorietan aurkeztutako produktuak aztertzen eta euren dastaketak egiten. Garrantzitsua da azpimarratzea kategoria hauetan (txakolina izan ezik, hori Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturak jasoko du postuan) parte hartu nahi dutenek beraien produktua Museoan bertan aurkeztu beharko dutela, 10:00etatik 10:30era bitartean.