Zinegoak jaialdia indartuta dator bere XVI. edizioan

uriola.eus 2018ko abe. 17a, 12:10

Bilboko LGTBI Zine eta Arte Eszenikoen jaialdiaren hurrengo edizioa 2019ko otsailaren 18tik eta martxoaren 3ra bitartean izango da. Oraingoan, arte eszenikoek eta abangoardiako zinearen ‘OFF – Narratiba Berriak’ sailak toki handiagoa izango dute jaialdian.

Otsailaren bigarren hamabostaldian gertatu ohi den bezala, sexu, identitate eta genero aniztasuna jorratzen duen zinea maite dutenek ezinbesteko hitzordua izango dute Bilbon, Zinegoak-en eskutik. Hurrengo edizioak jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa ekarriko du gainera, bai jarduerei, bai lantaldeari, bai Zinegoak Elkarteak jasotzen dituen babesei dagokionez.

Bi hilabeteren faltan, 16. edizioko egitarauaren prestaketan bete-betean daude sartuta. «Aurten, zinea ikuskatzen duten lantaldea handitu egingo da, bederatzi kideraino. Asmoa erosoago lan egitea eta materiala banatzea da, gero eta lan gehiago jasotzen baititugu. Aurten bostehun lan inguru heldu dira, film laburrak, film luzeak (fikzioa eta dokumentala) eta proposamen eszenikoak zenbatuta», azaldu du jaialdiko zuzendaria den Pau Guillenek. 

Horrenbeste aldaketa egin arren, emanaldien egitura bere horretan geratuko da. Hau da, lehenengo astean fikzioa jasoko da, Bilborock aretoan, Golem zinematan eta Bilbao Arte fundazioaren ArtHouse Cinema aretoan. Eta bigarren astean, aldiz, dokumentalak eta bigarren emanaldiak −Bilborock aretoan nagusiki− eta bestelako jarduera osagarriak bilduko dira.

Bi aste ofizial horiez gain, beste bi jarduera aipatu behar dira: alde batetik, hasiera ofiziala baino lehenagoko 3,2,1…Zinegoak!; beste erakunde, kolektibo eta elkarterekin batera antolatzen den jarduera sorta da 3,2,1…Zinegoak!, eta otsailaren 14an abiatuko da Guggenheim Bilbao Museoan egingo den emanaldi bereziarekin. Eta bestetik, jaialdiaren ondorengo asteetan Berdindu-ren laguntzarekin egiten den Zinegoak.