Abenduaren 21a, San Tomas Azokaren eguna

uriola.eus 2018ko abe. 19a, 13:21

Areatza eta Plaza Barriko ingurua Euskal Herriko kaleko azoka nagusi bihurtuko da berriro ere, bertan 302 saltoki ipiniko baitira era askotako produktuekin: barazkiak, gaztak, frutak, txakolina, sagardoa, taloa, baserriko ogia, eztia, animaliak, landareak, loreak eta gure baserritarren beste produktu batzuk. 

Aurten espazio berri bat egongo da San Tomasetako azokan, Arriaga plazaren eta Antzokiaren atzealdean ere etxolak jarriko baitira. Espazio hau dagoeneko Areatzan finkatua dagoenari batu zaio aurten; izan ere, San Tomasetako Azokako saltoki gehienak hor jarriko baitira. Ondorioz, Zingira kalearen, Erribera kalearen eta Areatzako Zubiaren arteko jai-esparrua ibilgailuen zirkulaziorako itxita egongo da, Aste Nagusian egiten diren antzeko murrizketekin.

Areatzako Pasealekuaren jai-esparruan, guztira, baserritarrek egindako produktuak saltzeko 188 postu egongo dira, 2,50 x 2,50 metrokoak. Halaber, totem bat egongo da San Tomasetako Azoka antolatu duten erakundeen irudi korporatiboekin: Bilboko Udala eta BBK. Eszenatoki bat eta karpa bat ere jarriko dira. Plaza Barrian, berriz, baserritarren 66 saltoki jarriko dira. Egun osoan jende ugari etortzea espero denez gero, jende-pilaketak sor ditzakeen arriskuak murrizteko, Plaza Barrirako sarreretan egoten diren edukiontziak kenduko dira eta segurtasuneko langileak egongo dira bertaratuko direnen joan-etorriak kontrolatzeko.

Era berean, Plaza Barrira sartzeko arku guztietan, sartzeko bide bat eta irteteko beste bat egokituko dira eta aurrera-atzera erraz ibiltzeko moduan egongo dira uneoro. Hortaz, sarrerak eta irteerak errespetatzeko eskatu nahi zaie herritarrei. Gainera, aurten aurreneko aldiz, Arriaga Antzokiko plazan eta atzealdean 48 saltoki jarriko dira. Esparru berri honetan sarrera-arku bat jarriko da, antzokiaren atzealdean.

San Tomasetako saltokiak eta txosnak berdeguneak eta arboladiak ez inbaditzeko moduan kokatuko dira. Jarlekuak eta hiriko beste altzariak ez dira okupatuko. Gainera, Arriaga plazaren ondoan, postu bat ipiniko da Kutxabanken egutegia banatzeko eta kaseta bat jostailuak jasotzeko. Areatzako aterpeetan osasun-dispositiboa jarriko da: berehalako laguntza sanitarioa, anbulantziak eta segurtasuna koordinatzeko zentroa.