Bilboko Konpartsak 1980tik egin bezala bihar, San Tomas azokan egongo dira jai herrikoiak bultzatzen

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2018ko abe. 20a, 09:42

Txosna goizeko 11:00etan zabalduko dute eta ekitaldi zabala jorratuko dute egun osoan zehar. Eguna itxi arte, Garilak 26 erromeriak dantzan jarriko du Areatza. Bitartean, 20:00etan, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik, Zazpikaleetako Txakur kaletik.

Hiria eta nekazal munduaren artean zubia egiten duen San Tomas azoka egunean, baserriko elikagaien eta bertoko nekazarien aldeko apostua berretsi nahi dugu. Honen adierazle izango da, Abenduaren 21ean arratsaldeko 18:30etan zozketatuko dugun txerri eta ortuko produktuez ornitutako otzara oparoa. Zozketan parte hartzeko txartela eskuratzeko goizeko 11:00etatik aurrera aukera izango duzu txosnaren aurrean jarriko dugun jaimatxoan. Txartelak bi eurotxo balio du eta Bilboko Konpartson egutegiarekin batera saltzen da.

Dakizuenez eta azken urteetan egiten dugun bezala , egutegien salmentatik bildutako dirua, hurbileko nekazal proiektu bati bideratuko diogu. Honen bidez, hiria eta nekazal munduaren arteko lotura bultzatu nahi dugu eta hurbileko ekoizleei babes xumea egin. Aurten, San Frantsizko auzoan kokatzen den HIRI ORTUA ELKARTEARI bideratuko diogu bildutako dirua.

Hirian nekazaritza ekologikoa bultzatzen dute eta honen bidez elikaduraren burujabetza , eraldaketa soziala eta urbanoa ere bai. Proiektu soziokomunitario honek herritarren partehartzea , kultur aniztasuna eta integrazioa sustatzen du. Beraz animatu zaitez egutegia eta zozketarako txartela erosten!Egitarauaren arloari dagokionez, txosna goizeko 11:00etan zabalduko dugu eta ekitaldi zabala jorratuko dugu egun osoan zehar.

Egitaraua:

Eguerdiko 12:00etan,  txalapartaren doinupean San Nikolas elizaren ondoan kokatuko dugun gune gastronomikoan txerri errea pintxoak eta indabak banatzeari ekingo diogu, haragidunak zein barazkiz soilik ere sukaldaturikoak. Eskatu gustuen duzuena! 13:00etan izango da bertsolarien txanda, Maite Sarasola, Ander Anakabe eta Mikel Aiartzaguenarekin. 14:00etan gaiteroek joko dute oholtzaren gainetik.

Bazkal ostean eta neguko solstizioari ongi etorria ematen jarraitzeko  dantza plaza burutuko dugu eskenatokiaren aurrean 16:30etatik aurrera. 18:30ean, otzararen zozketa burutuko dugu lehen aipatu bezala, bertoko baserritarrek ekoiztutako barazkiak zein baserriko txerriki ekologikoak eta bidezko merkataritzako produktuekin; txosnaren eszenatokitik egingo dute.

Ondoren, eta eguna itxi arte, Garilak 26 erromeriak dantzan jarriko ditu hurreratuko diren bilbotar eta bisitari denak. Bitartean, 20:00etan, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik, Zazpi Kaleetako Txakur kaletik.

Hotzari beldurra kendu eta erdu gurekin San Tomasera!