'Izen, izan', izaki mitologikoz betetako baso biziduna errotu da Bilbon

uriola.eus 2018ko abe. 21a, 11:15

Abenduaren 20tik urtarrilaren 5era bitartean baso bizidun baten instalazioa jarriko da Zabalgune eraikineko atrioan, non zuhaitzek eta pertsonaia mitologikoek hartuko duten hitza. Basajaun, Sugaar, Mari eta lamiek naturaren sekretuak agertuko dizkiete erakusketara hurbiltzen direnei.

“Izen, Izan” da abenduaren 20tik urtarrilaren 5era arte Zabalgune eraikineko atrioan ikusgai izango den baso bizidunaren izena. Bilbao 700 Fundazioak Ur Partzuergoaren babesarekin ekoitzitako muntaia honek baso bat irudikatzen du, zeinetan zuhaitzek bizitza sortzen duten espazio bizidun bat osatuz. “Izen, izan” etengabe mugitzen den espazio bat da, euskal lurretako hainbat elementu eta legenda erakutsiko dizkiguna.

Basajaunek, euskal mitologiako protagonista handienetako batek, ongi-etorria emango die ikusleei eta lurrarekin lotuta dauden hainbat legenda eta pertsonaiaz mintzatuko da. Eta xuxurlaka entzungo ditugu basoko jaunaren istorioak, Marirenak, eta bere umeen aita Sugaarrenak. Eta ezin ahaztu lamiak, eta naturaren sekretuak gordetzen laguntzen duten elementu, ikur eta animalia guztiak. 

Bilbao 700 Fundazioaren ekoizpen hau zabalik egongo da egun osoan, baina basoa basoago izango da arratsaldeko 17:00etatik aurrera, neguko eguzkia sartzen denean. 

Egutegia

Erakusketaren irekiera: Abenduak 20, goizeko 11:30ean. Inaugurazioa: arratsaldeko 18:00etan.

Abenduaren 20tik urtarrilaren 5era: Ordutegi jarraian: 11:30etik 19:30era. Salbu 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, egun horietan hau izango baita ordutegia: 11:30-17:30 

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.