San Tomas eguna Bilbon

uriola.eus 2018ko abe. 21a, 13:09

Eguraldi ona lagun dutela Bizkaitarrak Bilboko Alde Zaharrera hurbildu dira azokaz gozatzeko. Lehen ordutik jendetza bildu da Areatza inguruan eta egun osoan zehar aparteko giroa egon da.

Azken urteetako eguraldirik onena izan du aurtengo San Tomas egunak. Horrez gain, barikua izan da, eta Bizkaitarrek jaiarekin bat egin dute eta lehenengo ordutik Alde Zaharrean jendetza egon da. Autobus gabeko eguna izan da hau, langileen greba eguna zelako. Hori dela eta, metroak arazoak izan ditu eguneko une konplikatuenetan. Ilarak sortu dira metroan sartzeko eta irtetzeko baina ez da bestelako arazorik sortu.

Azoka eta festa izan dira egun honetako protagonista nagusiak. Taloak, barazkiak, txakolina, gazta, sagardoa... jateko eta edateko aproposena. Horrekin bat, Bilboko Konpartsek prestatzen duten babarrunak eta txerrikia ere jendea bildu du, argazkietan ikus daitekeen bezala. Plaza berria, Areatza edo Arriagako atzekaldean jai giroa apartekoa izan da.

Arratsaldean, berriz, azoka bukatzen denean jaiari hasiera emango diote. Bilboko Konpartsek Garilak 26 erromeriaren kontzertua prestatu du Areatzan. Zazpikaleetan, berriz, Bilbo Kantariren edizio berri bat egingo dute. Iluntzeko 20:00etatik aurrera Kalderapeko tabernatik hasiko dira. Jaia bukatzeko, gauen, Kafe Antzokiak Dj Bull-en saioa antolatu du, festa eguna argitu arte luzatu nahi duenarentzako.