Bilboko Udalak Gabonetan material piroteknikoarekin kontuz ibiltzea eskatu du

uriola.eus 2018ko abe. 27a, 13:31

Iazko Gabonetan 17 sute gertatu ziren, horietako 10 Gabon zaharretan. Material piroteknikoa erabiltzeak eragin zituen gehienak. Hortaz, herritarrei eskatzen zaie jabetu daitezela hori erabiltzeak dakartzan arriskuez eta gutxiago erabili ditzatela.

Bilboko Udalak Gabonetan material piroteknikorik ez erabiltzea aholkatu eta gogorarazi du material hori erabiltzeak eta manipulatzeak arriskuak dakartzala pertsonen segurtasunerako eta uriko ondarerako. Petardo eta suziriak behar bezala erabiltzen ez direnean, erabiltzaileak erredura eta zauri larriak izan ditzake. Hartzen duten norabidea aurreikusi ezin denez, besteentzat ere arriskutsua izan daiteke.

Ildo horretan, Bilboko Udaltzaingoak eta Bilboko Udaleko Babes Zibil eta Larrialdietakoek gizalegearen aurkako horrelako jarreren aurrean herritarren laguntza areagotzeko deia egin dute, eta gogorarazi dute egunotan material piroteknikoa baimenik gabe sal ez dadin kontrol zorrotza egiten ari direla.

Babes Zibil eta Larrialdietako aholkuak material piroteknikoaren erabileraz:

• Suziriak Gobernuaren Ordezkariordetzak baimendutako saltokietan erosi.
• Kontuan hartu suziriak maneiatzeko gutxieneko adina, kategoriaren arabera:

a) F1 kategoria:Arrisku oso txikia 
Barrualdeetan erabili daitezke. 
Gutxieneko adina:12 urte.
Adibideak:Bengalak eta bonbatxoak.
b) F2 kategoria:Arrisku txikia.
Aire zabalean erabili (lorategietan eta abarretan). 
Gutxieneko adina:16 urte.
Adibideak:Petardoak, bengalak eta iturriak.
c) F3 kategoria:Tarteko arriskua 
Estali gabeko lekuetan erabili, eremu handi eta zabaletan. 
Gutxieneko adina:18 urte. Adibideak:trumoiak, trakak eta bolanderak.

•Su artifizialak, bolanderak eta abar bota baino lehen, ziurtatu horiek gorantz egitea eragozten duen ezer ez dagoela.
•Ez isiotu beste suziri batzuen ondoan.
•Ez gorde suziririk poltsikoetan edo arropetan.
•Ez jaurti eskuetan daukazula, jarraibideetan beren-beregi horrela adierazita badago.
•Ez jarri gorputz-atalik suziriaren gainean edo aurrean.
•Ez jaurti pertsonen, animalien edo ondasunen kontra.
•Jarraibideetan adierazitakoaren arabera barrualdeetan soilik erabili daitezkeenak barruetan erabili, ez beste inon. 
•Metxa urrunen dagoen muturretik piztu.
•Piztu haizeari bizkarra emanda.
•Ez jarri botilen edo laten barruan.
•Ez maneiatu suzirien osagaiak eta ez atera edukia.
•Ez jaurti akatsen bat badauka edo hondatuta badago.
•Metxa piztu eta berehala, urrundu. Ez bada behar bezala piztu, itxaron gutxienez 30 minutu hurbildu baino lehen eta, metxa bere horretan badago, piztu berriro. Osterantzean, suziria urez betetako ontzi batean sartu eta bertan utzi gutxienez 8 orduz.
•Ez erosi suziririk bere ontzian edo bilgarrian ez badago.
•GOGORATU: Gai piroteknikoen sailkapeneko kategoriaren arabera, arau osagarriak daude eta etiketan agertu behar dira.