500 kiloko errege-opil solidarioa egingo dute Plaza Berrian

uriola.eus 2019ko urt. 2a, 11:46

Opila ‘Bizkaiko Okindegien Elkarteak’ egingo du aurtengoan ere, Lapiko Cateringekin koordinatuta, eta LogiFrío Bilbaoren laguntzaz, Cafe Iruñak txokolatea eskainiko du, Kaikuk (esnea) eta Baquék (kakaoa) ekimenerako emandako osagaiekin egindakoa. 

Errege-opil erraldoi solidario honen lehenengo zatia larunbatean egingo da, urtarrilak 5, 12:00etan. Opil solidarioak 500 kilotik gorako pisua izango du. Prestatzeko, errezeta tradizionala jarraituko da. Horretarako, honako osagaiak behar izango dira: 250 kg-tik gora irin, 50 kg-tik gora azukre, 75 kg gurin, 100 dozena arrautza, 25 litro laranja-lore ur, 25 kg legamia, 30 kg fruta azukreztatu apaintzeko eta 5 kg gatz.

Lehenengo zatia egin ondoren, bertaratutakoek (tartean Bizkaiko politika, gizarte eta kirol arloetako pertsona ezagunek) gozoki hau dastatu ahal izango dute. 3.000-3.500 errazio inguru banatuko direla kalkulatu da. Opil eta txokolate edalontziak banatzeko, eremuak antolatzeko, Haurtzaro programarako dohaintzak biltzeko eta abar Caritas Bizkaiako hamarnaka boluntario egongo dira.    

11:00etatik aurrera, Plaza Berria haurrentzako jolas-eremu bihurtuko da. Aurpegia margotzeko, puxikekin esku-lanak egiteko eta elkarrekin jolasteko tailerrak izango dira. 

Bildutako dirua Bizkaia osoan zehar dituzten Gizarte eta Hezkuntza arloko Proiektuetara bideratuko da. Hogei proiektutik gora dira eta 670 haur ingururekin lan egiten dute. Proiektu horien bidez, adin txikikoen gaitasun pertsonal, sozial, kognitibo eta hezkuntza eta familia mailako gaitasunak sustatu eta indartzen dira.