Anaitasunarena, txikitatik eraikitako laberintoa da, ihesbiderik gabekoa, lotura definitibo bat. Odolekoak ala biziak eskainitakoak, senideak norbanakoa osatzen du. Baina nola aritu anaia, ahizpa, neba edo arreba ebatsia izan zaigunean? Presondegiak, auto istripuak edo gaixotasunak bete ezinezko hutsunea sentiarazten duenean, nola dirau gurea dugun GU horrek bizirik? Bi aktore. Bi anaia. Eta zazpi istorio antzerkira ekarriak.
Ander Lipus ezaguna dugu anaitasunaren kontzeptuaren inguruan diharduen obra honen zuzendari. Izan ere, zeri deitzen diogu anaitasuna? Odolari? Laguntasun deskriba ezin horri? Elkartasunaren sinbolo sendoenari? Taula gainean, euskal antzerkigintzaren barruan izen handia lortu duten Ximun eta Manex Fuchs (Fuchs anaiak) ditugu.
Gainera, anaitasunaren aurpegi kontraesankorrak kontatzeko, lagun ezberdinek obra honen zati bat edo fragmento bat zirriborratzen dute, testigantza modura. Horrela, Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga eta Eñaut Castagnet dira antzezlanari ekarpena egiten diotenak.