Zirika! irudimen politikorako eta gizarte eraldaketarako erabilera anitzeko areto bat da, Komite Internazionalistak-ek kudeatzen duena. Gizarte mugimenduen eskura jarritako erraminta kutxa, Bilbo, Euskal Herria eta bizi garen mundua eraldatzera laguntzeko.
Bost urte zabalik izan eta gero, Zirikak ordutegia aldatu du, gero eta jarduera gehiago izan eta sare antikapitalista, feminista eta antiinperialistak josteko helburuetan urrutirago heltzeko asmoz. Hala, zabalik izango da astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, eta astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 19:30etara.
Ordutegi berriarekin, Zirikak Bilboko taldeek antolatzen dituzten jarduera desberdinak indartu nahi ditu, herri liburutegia eta kolektiboen liburu eta materiala saltzeko espazioarekin batera.
ZIRIKA! Herri Gunearen historia
2012. urtean amaitu zen Gatazka Gunearen esperientzia (Likiniano elkartearen ondorengoa), eta, itxierarekin, huts handia geratu zen Bilboko borroken mapan. Hiriko liburutegi kritiko bakarra desagertzearekin batera, espazio historiko bat desagertu zen, eragile sozialekin eta euren borrokekin.
Alde Zaharrean geratu zen hutsunea aukera irekia emanez betetzea erabaki zuen Komite Internazionalistak-ek, errealitatearekiko konpromisoa izango zuen espazio modura. Hala jaio zen Zirika! herri gunea, Erronda kalean, herri mugimenduen zerbitzura lan egingo zuen tresna modura, eta irudimen politikorako eta eraldaketa sozialerako erabilera anitzeko espazio gisa.