Oroimen Historikoaren alorreko legedia bete dezala eskatu dio CNTk Jaurlaritzari

uriola.eus 2019ko urt. 11a, 10:24

CNT sindikatuak Ondare Historikoak arautzen duen 4/1986 Legea onartu baino lehen konfiskatu zieten ondarea itzultzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, elkarretaratze bat egin dute Gogoraren egoitzaren aurrean.

2015. urtean, CNTk Eusko Jaurlaritzari bilera bat eskatu zion konfiskatutako errotatibaren gaia aztertzeko, eta, hala ere, hainbat bilerak egin arren, sindikatuak azaldu duenez exekutiboaren aldetik ez dute inolako erantzunik jaso. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordearen aurrean azaldu ziren 2018ko azaroaren 14an. Aho batez eskatu zen Eusko Jaurlaritzak CNTk egindako eskaerari erantzutea (11. espedientea, 11\00\10\00059).

“Erantzun bat itxoiten ari gara”, esan du CNTk. Hori dela eta, “Lehendakariak oroimen historikoaren ekitaldi honetara etorri dela aprobetxatzen dugu”, Nazio Batuetako kontalariaren txostenak dioena aplikatzeko, Giza Eskubideen arloko printzipioak ezartzen dituen 60/147 ebazpenean adierazten den bezala. Josu Erkoreka bozeramailearekin honen ingurua hitz egiteko aukera izan dute.

Eusko Jaurlaritzak berak eskatu du erregimen frankistak Parisen konfiskatutako ondasunak itzultzea (Cervantes Etxea, Eusko Jaurlaritzaren egoitza erbestean). Sindikatuak hori zerbait logikotzat eman du eta euren babesa helarazi die.

Hala ere, kexu dira exekutiboak ez duelako CNTren ondarearen aurrean berdin jokatzen. Hori eskatzeko elkarretaratzea egitea erabaki dute.