Elkarretaratzea egingo dute Bilbon Andaluziako emakumeei babesa adierazteko

uriola.eus 2019ko urt. 11a, 10:35

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak elkartasun osoa adierazi die Andaluziar herriari eta bereziki bertan borrokan dabiltzan emakume feminista guztiei. Horrez gain, datorren asteartean Arriaga Plazan bilduko dira arratsaldeko 19:30ean. 

Andaluzian gobernua osatu nahi duten muturreko eskuindar alderdiek emakumeenganako indarkeriaren aurkako legea bertan behera utzi nahi dutelako, Euskal herriko Emakumeon Mundu Martxak kalera irtengo da protesta egiteko. Azaldu dutenez, Mugimendu Feministak emandako aurrerapausoen aurrean sistemaren erreakzio gisa ulertzen dute, patriarkatuaren kateak estutzeko maniobra gisa.

Adierazi dutenez: "Espainiar faxismoa feminismoaren aurkako bulkada erreakzionarioa, migratzaileenganako fobia eta neoliberalismo basatia ezartzera etorri da. Baina jakin badakigu Andaluzian gertatzen ari dena ez dela kasu bakarra eta isolatua. Estatu espainiarrean muturreko eskuina hedatzen ari da, konplexurik gabe bere posizio faxistak faxismoan indartzen. Horrek dakartzan ondorioak: emakumeon bizitzaren aurkako politikak, langileriaren esplotazioa sakontzea eta kanporatze politikak eta xenofoboak. Eta ez bakarrik espainiar estatuan, eskuin muturra munduan hazten ari da eta gobernuetara salto egiten: Estatu Batuetan, Brasilen, Austrian, Polonian..."

Hori dela eta,  Euskal Herritik babes osoa eta elkartasun internazionalista eta feminista adierazi nahi diete mundu osoan faxismoaren aurka borrokan dabiltzan emakumeei. Bereziki Andaluziako emakumeek eta etorkin kolektiboek hurrengo egunetan antolatuko dituzten protestekin bat egingo dute. Lehenengo deialdia Arriaga plazan izango da, datorren asteartean arratsaldeko 19:30ean