Pussy Riot-en “iraultza kulturala”k Bilbo astinduko du otsailaren 6an

uriola.eus 2019ko urt. 11a, 12:53

Kolektibo errusiarrak ‘Riot Days’ aurkeztuko du Kafe Antzokian, antzerkia eta punk-a uztartzen dituen show-performance bat, Maria Alyokhina Pussy Riot-eko kideak idatzitako izen bereko liburuan oinarrituta.

Pussy Riot Moskun egoitza duen protesta kolektibo artistikoa da. 2011n sortua, taldea ez ohiko lekuetan punk rock emanaldi probokatzaileak antolatzen hasi zen, denbora pasa ahala, sarean bideo biralak bilakatu zirenak. Feminismoa, LGTB eskubideak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteari oposizio irmoa izan dira Pussy Riot-en ideia politikoen ardatz nagusiak.
 
2012ko abuztuan nazioartean ospetsu egin ziren kolektiboaren hiru kideri (Nadezhda Tolokonnikova, Maria Alyokhina eta Yekaterina Samutsevich) “gorroto erlijiosoak eragindako bandalismoagatik” bi urteko kartzela zigorra jarri zietenean, Moskuko Kristo Salbatzailearen Katedralean Putin-i Errusiako Eliza Ortodoxoak ematen zion babesa salatzeko egin zuten kontzertu baten ostean. Epaiketak eta epaiak Mendebaldean kritika ugari eragin zituen eta Amnistia Internacional bezalako erakundeen babesa eta laguntza. Samutsevich 2012ko urrian aske utzi zuten apelazio baten ostean eta Tolonnikova eta Alyokhinari errusiar parlamentuak amnistia eman zien 21 hilabete espetxean eman ondoren.

Ordutik hona protesta ekintza gehiago antolatu dituzte, baita hainbat bideoklip grabatu ere. Duela bi urte Maria Alyokhinak aktore bezala arrakasta handiz debutatu zuen ‘Burning Doors’-en, hiru preso politiko errusiarrei buruzko kritikak txalotutako antzezlan batean. Bere azken proiektuaren izena ‘Riot Days’ da, antzerkia eta punk-a uztartzen dituen kontzertu-performance bat, bere izen bereko liburuan oinarritutakoa. Ikuskizuna Alyokhinak berak eta Yury Muravitsky antzerki zuzendari errusiarrak zuzendu dute. Taula gainean Maria bera, Kyril Masheka, ‘Burning Doors’en zuen kide nagusia, eta AWOTT (Asian Woman On The Telephone) talde musikaleko Nastya eta Max aurkituko ditugu.

‘Riot Days’-ek sarrerak agortu ditu Chicago, Ciudad de México, Los Ángeles, Boston, Newcastle, Liverpool, Edinburgo, Viena, Berlin edo Munich bezalako hirietan eta otsailaren 6an Bilboko Kafe Antzokira helduko da iVisions Music Arts And Entertainment eta Wegow-ren eskutik. Sarrerak Wegow-n daude eskuragarri egunean bertan izango duten salneurriarekiko %25eko beherapenarekin. Gonbidatutako artista moduan New Day izango da, Dover-eko sortzaile Amparo Llanos-en talde berria, ’Sunrise’ diskoa aurkezten.