Kepa Errastiren Erlauntza komedia garratza Arriaga Antzokian

uriola.eus 2019ko urt. 14a, 10:29

Mireia Gabilondok zuzentzen ditu umorez eta zirraraz beteta dagoen obraren protagonista diren sei antzezleak: Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz.

Antzerkigintza berriak programak Kepa Errastiren Erlauntza komedia dakar Bilbora. Aipatutako programa horren epaimahaiak aukeratu ondoren, eszenaratu ahal izan da, eta orain Arriaga Antzokira helduko da. Euskaraz ikusteko aukera egongo da bihar, urtarrilak 15.

Erlauntza umorez eta zirraraz betetako antzezlana da. Landa-etxe batean haurtzaroko sei adiskide elkartuko dira, haietako baten despedida ospatzeko. Lehen mailako sei emakume antzezle, Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz,dira malkoak eta barrea baimenik eskatu barik nahasten diren komedia garratzaren protagonistak. Zuzendaritza eszenikoa Mireia Gabilondorenada, eta oso proposamen freskoa, zuzena, prestatu du.  

Sinopsia 

Haurtzaroko sei adiskide, guztiak ere neskak, Landa-etxe batean elkartuko dira, haietako baten despedida ospatzeko. Baina urteak ez dira alperrik pasatu, eta elkarren artean oraindik ere lotura indartsua dagoen arren, ezer ez da lehen bezala; ala bai… 

Asteburu zoroa izan behar zena, behar baino gehiago zoratuko da; trapu zikinak, batak besteari inoiz esan gabeko gauzak, aitorpenak, alkohola, drogak eta erlauntza bat. Esaten denez, animalien erreinuan erleak dira ondoen komunikatzen direnak. Eta, dirudienez, dantza eginez komunikatzen dira…