Esperientzia artistiko berriak Alondegian

uriola.eus 2019ko urt. 15a, 13:27

Azkuna Zentroak, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak, etapa berri bati ekingo dio gaur, 2019-2023 Proiektu Programa aurkeztuz eta abian jarriz.

 

Azkuna Zentroko Zuzendaritzak azaldutako Proiektu Programa berria aurreko planteamenduaren azterketaren emaitza da, eta bost urtetan garatuko den plan estrategikoa landu du, egungo ikuspegira egokitutako lan-ildo berriekin.

Prozesuan, zentroko talde osoaren barneko lan-saioak egiteaz gain, kanpoko kontrastea landu da, ‘entzun/escuchar’ dinamiken bidez, eta haietan erabiltzaileek, artistek, sektoreko profesionalek, administrazioko ordezkariek, zentro artistikoek eta beste instituzio batzuek hartu dute parte. Guztira hamar dinamika izan dira, eta haietako bakoitzean alderdi desberdinak landu dira, betiere orain arte egindakoetatik harantz eboluzionatzeko xedez.

ILDO ESTRATEGIKOAK

1.Gizarte eta kultura garaikidea Zentroan

Ildo estrategiko nagusia da, gainerako guztien elkargune. Lehentasunezkoa da, eta Azkuna Zentroaren oraingo eta etorkizuneko jarduera guztien erdigunean kokatzen ditu gizartea eta kultura. Artisten aldeko apustua egiten du, eraldaketaren sortzaile diren aldetik.

Azkuna Zentroko programazioak sei ildo hauek ditu: Arte garaikidea, zuzeneko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, gizartea, kultura digitala eta literatura. Denak elkarren arteko harremanean daude, eta programazio hedatua sortzen dute horrela, formatu desberdinetan, eta programazioan ekoizpena eta profilen fusioa lantzen dituzten pertsonekin.

2. Azkuan Zentroa, irekirik eta konektatuta

Loturak barruan eta kanpoan sustatuko ditugu, sareak sortuz, bertatik nazioartera joz, eta espazioak eraikiko ditugu, sortzeko, partekatzeko, hitz egiteko, eztabaidatzeko, ikasteko eta aztarna uzteko.

Eraikin osotik hedatuko da programazioa, eta, horrela, ohiko espazioek balio gehiago hartzeaz gain, toki berrietara iritsiko gara. Orain arte Jarduera Osagarrien Zentroa (JOZ) zena "Lantegia" deituko da hemendik aurrera: ideien, sorkuntzaren eta berrikuntzaren laborategia. Esperimentaziorako eta ekoizpen kulturalerako espazio bat, oso berritzailea, artistikoa eta nazioartekoa.

3.Erabiltzaileengana zuzendutako ikuspuntu berria

Kontua da erabiltzaileen esperientziez berriz hausnartzea. Azkuna Zentroa esperimentatzeko modu berria sortzea, dibertsitatea eta ikus-entzuleen komunitateak kontuan hartuz, haien beharrizanak landuz, Azkuna Zentroa bisitatzeko modu berriak proposatuz, zentroa eta jarduerak esperientzia gisa bizitzeko.

4.Ikus-entzule berriak hizketan aritzeko

Modu berriak asmatuko ditugu, egungo eta etorkizuneko ikus-entzule berriekin komunikatzeko eta haiekin hizketan aritzeko. Informazioa haiengana hurbildu, elkarrizketak abiarazi, bilatzen gaituzten lekuetan egon, eta bilatzen ez gaituzten tokietan konplize izan, tresna, baliabide eta leku bat izan auzoekin, komunitateekin eta ikus-entzuleekin konektatzeko.

5.Barneko mugimendua hobekuntza positiboa lortzeko

Azkuna Zentroko plantilla behar bezala egokituko da Proiektu Programa berrira, hala prestakuntzan nola pertsonen kopuruan.