Harrapazank eta Ikusi eta Ikasi programetan parte hartzeko epea ireki dute

uriola.eus 2019ko urt. 16a, 11:06

Hasi da epea izena emateko gaztetxoentzako Harrapazank programarako eta umeentzako Ikusi eta Ikasi programaren barruan egiten diren tailerretarako. Aurten ere, Bilboko Udalaren eta Euskaltzaleen Topagunearen eskutik (Euskararen aldeko Kultur Elkarteen Federazioa) eskainiko dira.

Harrapazank programak aurten hamalaugarren aldia izango du. Euren talentua eta sormena erakutsi nahi duten 8 eta 18 urte bitarteko gazteekgaurtik hasi eta urtarrilaren 31ra arteko epea dute www.harrapazank.eus orrian izena emateko. Horretarako, fitxa bete eta gurasoen berariazko baimena erantsi behar dute.

Harrapazank osatzen dute: HARRAPAZANK TAILERRAK, GAMER GELA eta HARRAPAZANK ESZENA atalek.

1-HARRAPAZANK TAILERRAK

20 tailer dira, zaletasunetan eta sormenean sakondu nahi duten 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Barrutietako Udaltegietan izango dira, otsailetik hasi eta martxora arte, eta 2 ordu iraungo dute.

Ikastaro hauek eskainiko dira: fantasiazko makillajea, irratigintza, Hennarekiko tatuaia, ikusizko zientzia, customizing (arropa norberarentzat moldatzea), grafitia, antzerkia, marrazkigintza, Smartphonekin argazkiak ateratzen ikastea, makillajea, Dj, diseinua, Beatbox, popping dantza, zirkua, irristaketa artistikoa eta kantua. Plazak mugatuak dira.

2-GAMER GELA

Bideojokoen tailerrak dira, maiatzean egiteko, eta ordu eta erdi iraungo dute. Tailer hauek euskaraz izango dira eta Euskararen Etxean eta Ibaiondo, Begoña, Rekalde eta Basurtoko udaltegietan izango dira. Bi kategoria daude: junior (12 eta 15 urte bitartekoentzat) eta senior (15 eta 18 urte bitartekoentzat) Plazak mugatuak dira.

3-HARRAPAZANK ESZENA

Talentua erakusteko lehiaketa bat da, bakoitzak arterako dituen trebetasunak erakusteko. Bi kategoria izango ditu: Harrapazank Junior (12 eta 15 urte bitartekoentzat) eta Harrapazank Senior (15 eta 18 urte bitartekoentzat), eta nork bere talentua erakutsiko du, antzerkirako, dantzarako, musikarako, bakarrizketetarako, txisteak kontatzeko eta beste hainbat gauzatarako daukana.

Lehiaketan parte hartu aurretik, entsegu zailak egingo dituzte irakasle profesionalekin, eta haiek lagunduko diete arterako dauzkaten dohainak hobetzen. 

Kastina gainditzen dutenek masterclass batean parte hartuko dute eta finalera pasatuko dira. Kastina gainditu ez dutenek, berriz, hobetzeko tailer batean parte hartuko dute.

Kastinaren ondoren, kategoria bakoitzeko 10 talde aukeratuko dira. Talde horiek azken galetan parte hartuko dute euren trebezia erakusteko, Bilborock aretoan, ekainean. Gala horietan, irabazleak aukeratuko dira eta 500 euroko bina sari emango dira kategoria eta gala bakoitzean.

Programa hauetan parte hartzeko izena eman behar da www.harrapazank.eus web-orrian. Epea urtarrilaren 31n amaituko da. Plazak mugatuak dira eta, hortaz, zotz eginez banatuko dira eskaria egin dutenen artean. Zozketa otsailaren 1ean egingo da, eta emaitza mezu elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie partaide guztiei, otsailaren 7etik 15era bitartean. Aldiz, HARRAPAZANK ESZENAn, izena eman duten gazte guzti-guztiek parte hartuko dute.

Iaz 1.236 gaztek parte hartu zuten Harrapazank programetan, eta 1.527 gaztek eman zuten izena.

IKUSI ETA IKASI

Programa hau 4 eta 8 urte bitarteko gaztetxoentzat da, eta, aurten 15. aldia izango du. Ikusi eta ikasi ekimenaren helburua da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, beren aisialdian erabil dezaten modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz.

Bilboko 15 auzotan gauzatzen da, otsailetik maiatzera, guztiz doan, eta arlo bateko eta besteko 75 jarduera eskainiko dira, tailer formatuan egiteko edo antzerki, dantza, magia, zeinu-hizkuntza, ipuin-kontaketa, zirku edo musikazko ikuskizun moduan.

Ikuskizunetarako sarrera librea da, aretoko plazak bete artekoa, baina, parte hartzeko, ezinbestekoa da izena ematea aldez aurretik, helbide honetan dagoen inprimakiaren bidez: www.ikusietaikasi.eus Epea gaur hasiko da, eta urtarrilaren 27an amaituko da. Plazak mugatuak dira eta, hortaz, zotz eginez banatuko dira eskaria egin dutenen artean, urtarrilaren 28an. Tailer eta ikuskizun guztiak euskaraz egingo dira.

Aurten 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat eskaintzen diren tailerrak:

-CONTACT-KIDS

Familia barnean komunikazioa hobetzeko metodologia bat da, ukituzkoa, eta, hala, guraso eta txikien arteko konfiantza lantzen eta hobetzen da.

-EUSKAL ARTISTAK

Tailer artistikoa, estanpazioaren teknika eta paperezko eskultura txikiak baliatzen dituena.

-TXIKI ERRITMO

Txiki-erritmoa. Erritmoa eta gorputz adierazpena uztartuko dira sormena garatzeko, harremanak lantzeko, adierazteko eta mugitzeko gaitasunak hobetzeko tresnak eskuratzeko eta abar. 

-OIHALEZKO PANPINEN

Oihalezko panpinak egitea, irudimenez eta plastikozko orratzez. Tailer honetan helduen laguntasuna beharko da oihala, zapitxoak eta feltroa josteko.

-ZIENTZIA TAILERRA

Tailer honetan, egiazko zientzialarien moduan ikasteko aukera izango da: nola sortu argindarra limoi batekin, nola bidali suziri bat espaziora eta abar… 

Iazko edizioan, Ikusi eta Ikasi programek Bilboko 5.000 ikusle baino gehiago bildu zituzten,eta magiaz, musikaz, sukaldaritzaz, antzerkiaz edota dantzaz gozatzeko aukera izan zuten…