7Katu gaztetxeak 12. urteurrena ospatuko du

uriola.eus 2019ko urt. 18a, 14:03

Datorren astelehenetik hasita, 'Gure garra hasia da, gure garrasia da' lelopean ospatuko dute gaztetxearen urteurrena. Prestatu dituzten gauzen artean hitzaldiak, mahainguruak, kontzertuak, umeentzako antzerkiak, tailerrak, edota bertsosaioa daude. Herri bazkaria izan ezik, dena doakoa izango da.

Egitaraua osoa prest daukate. Lehenengo bi egunetarako hitzaldia eta mahaingurua antolatu dituzte. Asteazkenerako, 18.30ean ‘Ekonomia sozial eraldatzailea’ tailerra antolatu dute. Ostegunean, berriz, 20.30ean hasiko da egitaraua. Lehenengo, Nerea Arriolak eta ‘Ez dok hiru’ taldeak antzerkiak eskainiko dute. 23.00etatik aurrera Magaz In Fernu DJak girotuko du gaua.

Ostiralean umeen jolasak eta herri jolasak izango dira arratsaldean eta gauean Ke te Kalles, Zarysamba eta Guda Dantza taldeen kontzertuak izango dira. Larunbata festa egunik indartsuena izango da. Euskal Zunbak irekiko du eguna goizeko 13.00etan. Gero, bazkaria eta bazkaloste musikatua egongo da Berinbau taldearen eskutik. Arratsaldean, ‘7katu kantari’ saioa egongo da, eta ondoren Nizuri Tazuneri, Skabidean eta Ziztada & Erlantz Raperurekin girotuko dute gaua gaueko 21.30tik aurrera.

Bazkarirako tiketak Errondabide eta Adaxka tabernetan daude salgai 6 eurotan. Beste ekintza guztiak, berriz, doakoak izango dira eta bilbotar guztiak joatera gonbidatuta daude. Bukatzeko, igandean, urteurrenari bukaera emateko, bertsosaioa antolatu dute 19.30ean. Ohiana Bartra, Xabat Galletebeitia, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin bertsolariek hartuko dute parte.