Mendira igoko da Euskalduna Jauregia kultuzko bi ekoizpen lanekin

uriola.eus 2019ko urt. 21a, 10:01

Urtarrilaren 24an, 20:00etan “Dar Dar Elantartida” filma eta 27an, 19:00etan “Pumori mendiaren alaba” dokumentala ikusteko aukera egongo da. Eskainiko diren emanaldi bietarako sarrerak salgai daude jadanik.

Euskalduna Jauregia mendira igoko da, kultuzko bi ekoizpen lanekin, datozen urtarrilaren 24an 20:00etan eta 27an, 19:00etan, hurrenez hurren, eskainiko diren “Dar Dar Elantartida” eta “Pumori mendiaren alaba” film luzeekin. Sarrerak salgai daude jadanik, ohikoak diren kanalen bitartez. 

“Dar Dar Elantartida” lanak, planetako leku gogorrenetako batera, Antartidara, egindako espedizioa kontatzen du; bertako tontor garaiena, Vinson mendia, igotzeko ahalegina. Horretarako, kordada berean bi mendizale elkartu ziren, helburu bikoitzarekin. Alde batetik, Unairena, 10 urteko ahaleginaren ondoren 7 tontor 7 kontinente proiektuari amaiera ematea.

Beste alde batetik, Pablok, ELA gaixotasuna duen bere espedizio lagunak, planteatzen duen gai bati erantzutea: Posible al da mendi baten tontorrera heltzea tontor hori modu fisikoan ukitu barik? Adiskidetasunaren eta mendiari dioten maitasunaren bitartez biek errealizatuta sentitzea bilatu dute. Sarrerak salgai daude jadanik ohiko salmenta kanaletan, 5 euroren truke (gehi euro bat kudeaketa gastuengatik), urtarrilaren 24an 20:00etan A1 aretoan eskainiko den emanaldirako. 

“Pumori mendiaren alaba” dokumentalari dagokionez, 2001ean Pumori mendira (Himalaia) egindako espedizioan hil ziren gazte gipuzkoarrei eta nafarrei egiten zaien omenaldia da. Aldi berean, Suku Maya neska gazte nepaldarren eta tragedia hartan hil zen gazte baten familiaren artean sortu den harremana ere kontatzen da. Baleukok ekoiztu du, Alex Txikonen lankidetzarekin, eta EITB Taldearen finantzaketari esker. Sarrerak salgai daude jadanik ohiko salmenta kanaletan, 5 euroren truke (gehi euro bat kudeaketa gastuengatik), urtarrilaren 27an 19:00etan Auditoriumean eskainiko den emanaldirako.