Ekarpen horrek % 19,1 gehikuntza dakar Udalak entitate horri ematen dion diru-laguntzan; izan ere, entitate horren xede nagusia da Arte Ederren Museoaren arte-bilduma sustatu eta garatzea, eta hezkuntzaren eta euskal kulturaren inguruko ekimenak abian jartzea.
Udalak, hala, beste urrats bat egin du Bilboko Urian garatzen diren kultur ekimenak babestu eta sustatzeko bere konpromisoan. Kultura funtsezko tresna da Uriaren garapen ekonomikorako eta nazioartean kokatzeko, eta, gainera, funtsezko osagaia Bilboko balioen eta gizartearen garapenerako.
BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA FUNDAZIOA
2000ko azaroaren 15ean, Museoaren jabe diren erakundeak, alegia, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, ados jarri ziren Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa sortzeko, pinakoteka osatzen duten elementuak sustatzeko eta garatzeko.
Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa lanean ari da harrezkero euskal kultura garatzearren, eta bere xedea du pinakotekako antzinako artearen, arte modernoaren eta arte garaikidearen bilduma bildu, zaindu, ikertu eta erakusgai jartzea.
Fundazioa saiatzen da, gainera, Museoa aberasten eta hura zerbitzuz hornitzen, eta, aldi berean, kalitatezko kultur jarduerak sustatzen ditu, eta, hala, lagundu egiten du gizartea hezten eta Urian kultur balioak proiektatzen.