Aratusteak19

2019ko aratusteak iragartzeko kartela aukeran

uriola.eus 2019ko urt. 30a, 14:01

Epaimahaiak argitara eman ditu  2019ko aratusteak iragartzeko kartel lehiaketaren sei finalistak. Bilbotarrek otsailaren 6ra arte izango dute gogokoena bozkatzeko aukera. Aurtengo inauteriak otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean ospatuko dira, sei eguneko jaia borobilduz.

Gaur goizean eman du erabakiaren berri epaimahaiak. El cuento de la niña sardina; Sardinita disfrazada; La Carola; Sorgina; Mon Txerri eta La dama del carnaval te observa dira 2019ko aratusteak iragartzeko sei kartel finalistak. Lan handia izan dute hautaketa egiteko, izan ere, aurten iazko kopurua bikoiztu da: 83 kartel aurkeztu dira lehiaketara.

Irabazlea sistema mistoaren bidez aukeratuko da eta 2.000 euroko saria jasoko du. Herritarren bozketak % 75eko balioa izango du eta gainerakoa epaimahaiaren botoen araberakoa izango da.

Herritarrek urtarrilaren 31tik otsailaren 6ra bitartean eman dezakete botoa. Bozketa presentzialki (Euskal Museoan) edo online (Udalaren webgunean zein hedabide laguntzaileen webgunean) egin daiteke.