Gaur hasiko da Ikusi eta Ikasi programaren edizio berria

uriola.eus 2019ko ots. 4a, 09:25

Ekimen honen helburua da Bilboko umeek beren aisialdian euskara modu dibertigarrian erabil eta goza dezaten sustatzea, haiek kulturaren bidez heziz eta kalitatezko programazio bat eskainiz. Zehazki, 31 ikuskizun eta 44 lantegi eskainiko dira, denak doakoak eta euskaraz.

ikusi eta Ikasi umeentzako euskarazko programa 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat da, eta aurten izango du XV. aldia. Bilboko Udalak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera (Euskararen aldeko kultur elkarteen federazioa), umeentzako euskarazko ikuskizunik onenak programatu ditu berriro Bilboko barruti guztietan.

Gaur, otsailak 1, hasiko dira umeentzako programazio honetako jarduerak, eta maiatzaren 16ra arte iraungo dute. Guztiz doan izango dira 75 ikuskizunak, arlo anitzetakoak: lantegi edo antzerki, dantza, magia, zeinu-hizkuntza, ipuin kontatzaile, zirku edo musika emanaldi gisakoak izango dira. Zehazki, 31 ikuskizun eta 44 lantegi eskainiko dira.

Ikuskizunak doakoak dira. Sartzea librea izango da, lekuak bete artean; baina, ostera, lantegietan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea aldez aurretikwww.ikusietaikasi.eus webean inprimaki bat betez; zozketa egingo da eskarien artean.

Aurten 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat eskaintzen diren lantegiak hauek dira:

  • CONTACT-KIDS: Familia barneko komunikazioa hobetzeko metodologia bat da, elkar ukitzearen bidezkoa, guraso eta txikien arteko konfiantza hobetzen duena.
  • EUSKAL ARTISTAK:Artearen inguruko lantegia, estanpazioaren teknika eta paperezko eskultura txikiak baliatzen dituena.
  • TXIKI ERRITMO: Erritmoa eta gorputz adierazpena uztartuko dira sormena garatzeko, harremanak lantzeko eta adierazteko eta mugitzeko gaitasunak hobetzeko tresnak eskuratzearren.
  • TRAPUZKO PANPINAK: Trapuzko panpinak sortzea irudimenarekin eta plastikozko orratzekin. Lantegi honetan, helduen laguntasuna beharko da oihala, zapitxoak eta feltroa josteko.
  • ZIENTZIA LANTEGIA: Lantegi honetan, benetako zientzialarien moduan ikasiko dute limoi batekin elektrizitatea sortzen, su-ziri bat espaziora igortzen eta abar.

Jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, salbu eta larunbatekoak, 12:00etan izango baitira. Lantegiak 18:00etan hasiko dira, baldin eta saio bakarrekoak badira, eta egun baten bi saio eskaintzen badira, lehena 17:15ean izango da, eta bigarrena 18:30ean.