2020. urtean egingo da hurrengo Euskaraldia

uriola.eus 2019ko ots. 4a, 09:40

Entitateek euskara gehiago erabili dezatela izango da ardatzetako bat. Horrez gain, lehen edizioan ahobizi eta belarriprest rolak aukeratu zutenei hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo zaie.

Topaguneak Euskaraldia berriaren proposamena zabaldu du. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte egingo da, beraz 15 egunekoa izango litzateke. Aktibazioak bi hanka izango lituzke: norbanakoak eta entitateak. Norbanakoen kanpaina iazkoa bezalakoa izango litzateke eta entitateena guztiz berria. 

Beraz, norbanakoez gain, erakunde publikoak, enpresak, saltokiak edota elkarteak izango ditu bigarren edizioak ardatz. Lehen edizioan 200 entitate baino gehiagok sustatu zuten Euskaraldia, eta datorren urterako xedea da pausu bat harago joatea, euren egunerokoan euskara gehiago erabiltzea. 


Entitateen aktibazioa:

Edozein entitatek har lezake parte, dela erakunde publiko batek, dela enpresa batek. Ariketak bi helburu izango lituzke, batetik, barruko harremanetan euskararen erabilera igotzea eta, bestetik, erabiltzaile eta bezeroei euskaraz aritzeko aukerak zabaltzea. Partaidetzak hiru ezaugarri izango lituzke:
 
1- Sustatzaile lana: langileak eta bezero-erabiltzaleak ekimenara gonbidatu eta baldintzak egokiak sortu.
 
2- Entitateko ulermenaren diagnosia egin: ezagutzera eman euskara erabil daitekeen espazioak. 
 
3- Ahobizi/Belarriprest eremuak identifikatu eta bultzatu: hizkuntza-harremanak eta hizkuntza-ohiturak aldatu.