Bilboren historiari buruzko komikia argitaratu dute

uriola.eus 2019ko ots. 5a, 09:42

Euskaraz, gaztelanieraz eta ingelesez landutako liburuxka hau ikasmaterial osagarritzat banatuko da Udaletxerako bisita gidatuetan parte hartzen duten haur eta gazteen artean.

Bilboko Udalak Bilboren historiari buruzko komikia argitaratu du, Hiriaren iraganaz ezezagun samarrak diren hainbat alderdi bilduz. Bilboko Udaletxerako bisita gidatuetan parte hartzen duten haur eta gazteentzako ikasmaterial osagarritzat diseinatuta, estilo alai eta atseginaz landu da, bisita gidatuaren edukia aberasteko moduko pasadizo historikoei arreta emanez.

Horrela, Estudios Durero argitaletxeak osatu duen Bilboren historiari buruzko argitalpen berri honek Hiriaren historiari egindako errepaso atsegina eskaintzen du, gehien-gehiena Itsasadarreko ibai-bazterren inguruan, San Anton eta Ibeniko kaietako merkatari eta marinelen lehenengo Bilbo hartatik eta Bilbo Zaharreko zein Miribillako meatzarien oroitzapenetik hasi eta Hiriak Areatzara egindako lehen zabalgunera eta Abandorako jauziraino, bertan mamitu baitzen XIX. mendearen amaierako zabalkunde industrial eta finantzarioa... Eta apur bat aurrerago, Guggenheim Museoa, XX. mendearen azken laurdeneko errauts industrialetatik birsortutako XXI. mendeko Bilbo berriaren ikurra.

Zehazkiago esanda, hauexek dira Bilboko Udalaren argitalpen berri honetan bildu diren pasadizo eta bitxikeria historikoetako batzuk: Artxandako Hirumugarrieta trikuharrien ondoko duela 4.500 urteko silexezko lanabesen eta Erribera kalean zegoen I. mendeko txanpon erromatarraren aurkikuntza, Hiriaren XIV. mendeko sorrera bikoitza, ehunka urtez bilbotarrak babestu zituen zazpi metroko harresi sendoa, Bilboko Kontsulatuak Brujas hirian (Belgika) zuen egoitza, XVII. eta XVIII. mendeetako “matxinadak” eta bestelako gatazka sozialak, edota Estatu osoko lehenengo tranbia elektrikoaren hasierako joan-etorriak, XIX. mendearen amaieran.

Horrela, Bilboko Udalak, UNICEFek azaroan emandako Haurrekiko Hiri Adeitsuaren aintzatespenaren harira, historiarekiko jakinmina sustatu nahi du Hiriko gazteenen artean, bilbotarren izaerari estu-estu lotuta dauden jarrera ireki eta solidarioari eta berrikuntzaren nahiz ahalegin kolektiboaren aldeko etengabeko apustuari arreta berezia emanez.

“Bilbao, historia apur bat” komikia gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez argitaratu da, eta luze gabe bilbao.eus udal webgunean ere eskuratu ahal izango da.