Antzinako ohiturari jarraituz, alkateak harrera egin die bi abesbatzei goizeko 11:00etatik aurrera. Koruek, kantari guztiek makila bana eskuan eta biribila eginez, Santa Agedaren omenez kantatu dute Udaletxe barruan.
Urtero bezala, Suhiltzaileen Korua Bilboko kaleetan zehar ibili da goiz osoan zehar, usadioa bizirik gordez. Nahiz eta Santa Ageda festa otsailaren 5ean izan, ohitura da bezperan ibiltzea kaleetan, euskaraz kantatuz Santa Agedaren omenezko koplak. Doan eman eta batutakoak ongintzarako izaten dira. Bilboko Suhiltzaileen kasuan, horrela batutako dirua ASPANOVAS Bizkaiko minbizidun umeen Elkartearentzako izango da
Usadio honen jatorria oso antzinakoa da, hainbat mendetatik honakoa, eta landa-inguruneko herrietakoa da funtsean; baina, urteak aurrera joan ahala, hiriko ohitura ere bihurtu da. Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, koruak eta kuadrillak kale eta auzoetan zehar ibiltzen dira Santa Agedaren omenez kantuan. Makilekin eta hagekin lurra joz kantatzen da.
Lehenago, mutil ezkongabeak edo soldaduska egitera joan behar zutenak (kintoak) bildu eta atez ate joaten ziren Santa Ageda eskean, dirua edo jatekoak batuz, ondoren bazkaria edo merienda egiteko. Gaur egun, adin guztietako taldeak biltzen dira, eskolako umeak ere joaten dira Santa Ageda eskean, dirua batuz era bateko eta besteko ongintza-kausetarako. Hori dela-eta, Santa Ageda egunean ohikoa da umeak eta helduak ikustea baserritar jantzita, bertsoak opatuz Santa Agedari, Bilboko kaleetan zehar.