22125 eta 23044 gisa identifikatu diren bi ertzaintzek salaketa jarri dute Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegian, ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzen aurka, joan den maiatzaren 21ean Donostian pertsona bati hizkuntza eskubideak nola urratu zizkioten grabatu eta zabaltzeagatik.
“Irainak” egotzita bide penaletik salaketa jarri diote eta martxoaren 20an Donostiako epaitegian deklaratu beharko du kazetariak. Ertzaintzak uztailaren 27an sinatutako gutun batean barkamena eskatu zuen hizkuntza eskubideak urratzeagatik egun hartan.
Bilbon ere horrelakoak bizi izan ditugu. izan ere, Mozal Legea aplikatuta 900 euroko zigorra jarri zion Bilboko Udalak Arkaitz Zarraga euskaltzaleari. Abuztuaren 27an udaltzain batek identifikatzeko eskatu zion eta Zarragak euskaraz hitz egiteko eskubidea zeukala esan zionean, eztabaida izan zuen agentearekin eta isuna jarri zioten. Gertakaria salatu zuenean, oihartzun handia izan zuen, baita udalaren erantzun gogorra jaso ere.