Zinegoakek aurtengo edizioko programazioa aurkeztu du, Bilbon egindako prentsaurrekoan, Pau Guillen, Alaitz Arenzana eta Julen Nafarrate antolatzaileen eskutik. Jaialdia otsailaren 18tik martxoaren 3ra arte antolatuko da, eta nobedadez josita helduko dira: egitura berria, arte eszenikoen indar berezia eta bi asteko programazioa. Programazio horretan, nazioarteko jaialdietan saritutako titulu ugari agertuko dira.
Edizio honetako leloa "Lumaz harro" izango da, aurten, Zinegoakek genero-adierazpena landu nahi duelako bereziki. Pau Guillen zuzendariak aipatu duenez, "norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea aldarrikatu nahi dugu. Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazteko, eta lau haizetara zabaltzeko. Lumak indartsu egiten gaituelako".
Jaialdiaren inaugurazioa otsailaren 18an izango da, Arriaga Antzokian, 20:00etan (gonbidapenak antzokiko txarteldegietan eta Bilboko turismo bulegoan jaso daitezke). Sridhar Rangayan zuzendarri, ekoizle eta ekintzaile indiarrak edizio honetako Ohorezko Saria jasoko du. Aurreko egunean, hilaren 17an, BBK aretoan antolatutako proiekzio berezi batean, Rangayanen azken filma, Evening Shadows,ikusi ahal izango da, zuzendariaren parte-hartzearekin.
Jaialdiaren lehenengo astean, otsailaren 18tik 24ra arte, jaialdiko pelikula guztiak proiektatuko dira Golem eta Bilborocken, eta BilbaoArten Zinegoakeko "zertzelada" bat ikusi ahal izango da, doako sarrerarekin. Bigarren astean, Bilborocken eta BilbaoArten proiekzioak mantenduko dira, eta hainbat jarduera osagarri antolatu dira.