Kinkea 2019 egitasmoa aurkeztu dute Bilboko Azkuna Zentroan

uriola.eus 2019ko ots. 6a, 11:41

Etxerat Elkarteak Kinkea egitasmoa aurkeztu du Bilboko Azkuna Zentroan. Bertan izan dira elkarteko bozeramaile den Patrizia Velez eta senideak, aurtengo ediziorako lehen artelana egin duen Dora Salazar artistarekin batera.

Edizio berri honetarako ere lau artelan aurkeztu ditu elkarteak, lau artista, urtaroko bat hain zuzen. Patrizia Velez bozeramailearen hitzetan, “Kinkea proiektua oinarritzen eta ezaugarritzen duena artelanen sustapena da”, Etxerat Elkarteak abian jartzen duen promozioa hain justu. Artelanak promozionatzen ditugu, litografiak. Litografia jasotzen duenak, 25€ren truke, zozketa baten parte hartzeko boletoa jasotzen du. Urtaro bakoitzeko zozketa bat gauzatzen da.
 
Kinkea promozioaren diru-bilketa, Etxerat Elkartearen jarduera finantzatzeko bideratzen da, hau da, preso etaiheslarien senide eta lagunei asistentzia, aholkularitza eta laguntza eskaintzea sakabanaketak eta urrunketak suposatzen duen zama ekonomikoa arinduz.
 
Gaur egun oraindik ere dispertsioak eraginda senideek pairatzen duten zigor eta mendeku egoera lazgarriari amaiera emateko borondate faltaren aurrean, “Etxerat Elkarteak 2017. urteaz geroztik, gure senide presoen laguntza juridiko eta osasun asistentzia bere gain hartu du”.
 
Artelanak
 
Edizio honetarako lehen artelana egin duen Dora Salazar artistak hartu du hitza, bere lana aurkeztuz: “Iaz sortutako "Echar ramas" eskulturaren argazkia izango da aurtengo lehena”. Brontzezko eskulturak, 70 zm-ko altuera eta 35 zentimetroko zabalera duela gaineratu du Salazarrek.
 
Bigarren artelanari dagokionez, udaberriko Kinkea, Irantzu Lekue gasteiztarrak egindako "Askatasunaren argia" akuarela bat izango da. 2018an sortua. Eta artelanaren formatu originala 30 zm x 26 zm-takoa da. Udako Kinkearen promozioa, aurtengo hirugarrena, Marian Aranburu zarauztarraren "Izengabea" izango da.
 
2013. urtean egindako akrilikoa paperean. Formatu originala: 65 x 50 zm. Azkenik, 2019ko udazkenean, laugarren promozioa Ean jaio eta bizi den Erramun Mendibelanda artistaren "Theo eta Vincent Van Gogh" lelopeko oleorarekin osatuko da. 2016 sortutako lana da. Formatu originala: 46x46 zm.
 
Kinkea eskuratzea, inoiz baino errazago
 
Patrizia Velezen hitzetan, edizio honetako Kinkea eskuratzea “inoiz baino errazagoa izango da”. Alde batetik, ohiko salmenta puntuetan eskuratu ahal izango dira artelanak, eta bestetik, “Kinkea.eus webgunearen bitartez ere online eskaera egiteko aukera zabalduko du Etxerat Elkarteak” gaineratu du bozeramaileak.
 
Ekimena zabaltzeko asmoz, sare sozialak abian jarri ditu elkarteak, eta ahalegin berezia egingo da aurtengo artelanak Euskal Herri osoko txoko eta herri eta ezberdinetan jarrita erakusteko, argazkien bitartez. Horretarako ezinbestekoa izango da artelanak erosten dituztenen parte hartzea, beraien argazkiak sareetara igoaz.