'Otto Pette'ri buruzko hitzaldiak antolatu dira irakurketa jarraituaren harira

uriola.eus 2019ko ots. 6a, 17:34

Otsailaren 12 eta 14 bitartean sei euskal eragilek hitz egingo dute liburuaz Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan.

Bilbo Zaharra euskaltegiak Otto Pette liburuari buruzko hitzaldiak antolatuko ditu. Otsailak 12tik 14ra euskal kulturako sei izen Anjel Lertxundiren obraren inguruan ariko dira Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilboko Plaza Barrian. Hasiera ordua arratsaldeko zazpiak izango dira jardunaldiaren hiru egunetan.

Bernardo Atxaga eta Jose Kruz Gurrutxaga hasiko dira liburuaz mintzatzen “Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan” hitzaldiarekin. Hurrengo egunean, otsailak 13, bi berbaldi hartuko ditu Euskaltzaindiaren egoitzak: Itxaro Borda abiatuko da “Hiru emazte gizon mundu batean” mintzaldiarekin eta Juan Gartziak “Otto Pette: irudimen orojalea”-rekin jarraituko du. Azken egunean Danele Sarriugarteren “Otto Pette, tresna kutxa” eta, jardunaldiei itxiera emateko, Juanjo Olasagarreren “Otto Pette Trumpen garaietan” hitzaldiak emango dira.

Otto Pette-ren 25. urteurrena ospatuko da irakurketa jarraituaren 12. edizioan. Ekainaren 6an 400 pertsona inguruk irakurriko dute euskal klasikoa Arriaga Antzokian. Aurrekoetan, euskal literatura eta literatura unibertsaleko hainbat liburu esanguratsu aukeratu izan dira: adibide gisa, Itxaro Borda eta Bernardo Atxaga, aurten hizlari direnak, protagonista izan ziren aurreko edizioetan '%100 basque' eta 'Obabakoak' liburuekin, hurrenez hurren.