Aratusteak19

Lehiaketak nagusi 2019ko Aratusteetan

uriola.eus 2019ko ots. 7a, 12:30

Otsailaren 23tik martxoaren 5era 2019ko Aratusteak ospatuko dira Bilbon. Aurreko urteetan bezala, aurtengo egitarauan ere lehiaketa ugari egongo dira. Lehen egunetik hasita, lau lehiaketatan parte hartzeko aukera egongo da. Guztira lau izango dira, denak doakoak.

Otsailaren 23an Kopla Txikien Lehiaketaren V. edizioa ospatuko da Kafe Antzokian, arratsaldeko zortzietan. Parte hartzeko baldintzak bi baino ez dira izango: gutxienez bost kideko taldea izatea eta mozorrotuta joatea. Izena emateko epemuga -eta, era berean, kantatuko den kopla txikiaren letra entregatzekoa, euskaraz zein gaztelaniaz- otsailaren 10a izango da.

Hurrengo egunean, Pontxe eta Torrada lehiaketak norgehiagoka gastronomikoei hasiera emango die.

Plaza Barrian elkartuko dira torrada eta pontxe ekoizle eta zaleak, goizeko hamabietan. Torradak tradizionalak (ogiz egindakoak) edo kremazkoak izan daitezke, eta osagaiak libreak izango dira. Pontxeei dagokienez, edozein errezetak balio du. Izena egun eta toki berean eman ahal izango da.

Mozorroen lehiaketa, urtero lez, Aratusteetako larunbatean izango da. Martxoaren 2an, 17:00etatik aurrera, parte hartzaileek euren jantziak luzitu ahal izango dituzte Bilboko kaleetan. Plaza Biribiletik hasita, Kale Nagusia hartu eta Astarloa kalerantz biratuko du desfileak -han egongo da epaimahaia; gehienez bi minutuko antzezpena egin beharko du parte hartzaile orok-; ondoren, Zabalgunera helduta Colon de Larreategitik jarraituko du Albiarako bidean. Hemen bukatuko da erakustaldia. Larunbatean bertan izena eman daitekeen arren, antolatzaileek otsailaren 25a baino lehen egiteko eskatu dute, kalejiraren prestakuntza errazte aldera.

Indaba lehiaketak itxiko du zikloa, martxoaren 3an. Plaza Barrian izango da eta, parte hartzeko, egun eta toki berean izena eman ahal izango da, goizeko bederatzietatik aurrera. Hamabi onentzako diru-saria eta garaikurra egongo da eta irabazleak 120 euro bereganatuko ditu.

Hauek izango dira egun horietako ekintza guztiak:

 

OTSAILAREN 23an, LARUNBATA

19:30 Kafe Antzokia : Ateen irekiera.

20:00 Kafe Antzokia: Aratusteetako Kopla Txikien V. Lehiaketa.

22:00 Kafe Antzokia: Aratusteetako Kontzertua: ANITA PARKER

 

OTSAILAREN 24an, IGANDEA

12:00 Plaza Barria: Aratusteetako VIII. Torrada eta Pontxe lehiaketa.

12:30 Plaza Barria: Torrada eta Pontxe banaketa + Aratusteetako Torrada tailerra

14:00 Plaza Barria: Sari banaketa.

 

OTSAILAREN 28an, OSTEGUNA

20:00 Zazpi kaleak : Kalejira musikatua FRITANGA ELEKTROTXARANGA

22:30 Plaza Barriko karpa: Aratusteetako Kontzertua: ITZALAK

 

MARTXOAREN 1ean, OSTIRALA

19:00 Udaletxean: Farolin eta Zarambolas atxilotzea.

19:30 Plaza Barriko karpa: Epaiketa Farolin eta Zarambolasi.

20:30 Plaza Barriko karpa: Farolin eta Zarambolasi Irain publikoa + Aratusteetako kopla txikiak.

 

MARTXOAREN 2an, LARUNBATA

Aratuste-zapatua, egunik handiena izango da eta bi jai gune izango ditugu: lehena, eguerdiko 12h00etatik arratsaldeko 19h30ak arte, lau gunez osatua egongo da: Plaza Biribila , Albia, Astarloa-Kale Nagusia eta Zabalguneko Merkatua. Bigarrena, arratsaldeko 19h30etik aurrera, kalejiran Plaza Biribiletik jaitsita eta Zazpi Kaleetan zehar zabalduko dena.

12:00 Plaza Biribila: Esparrua zabaltzea eta atzera-kontua hastea: “hiru, bi, bat…!”.

12:00 – 14:30 Zabalgune plaza: Gargantua, umeentzako puzgarriak eta tailerrak.

12:15 Albia: Antzerkia

12:15 Aratustegunea: Fanfarreak, erraldoiak eta gaiteroak

12:15 Plaza Biribila: KONTZERTUA

12:30 – 15:30 Plaza Biribila: Gune gastronomikoaren irekiera: umeentzako tailerrak, nekazarien azoka, baratxuri sopa, txahala errea eta pintxo beganoen dastaketa eta salmenta.

13:00 Zabalgune plaza: Antzerkia

13:00 Zabalgune eraikina: Familia ikuskizuna

13:00 KONTZERTUA + Txosna irekiera

15:00 Albia: Herri bazkaria

15:00 Astarloa: KONTZERTUA

16:00 Plaza Biribila: ARATUSTEETAKO KALEJIRA ETA MOZORRO LEHIAKETA: Epaimahaiaren aurreko paserako izena ematearen irekiera.

16:30 Zabalgune Eraikina: Familia ikuskizuna

16:30 – 19:30 Zabalgune Plaza: Gargantua, umeentzako puzgarriak eta tailerrak.

17:00 Aratustegunea: Fanfarreak, erraldoiak eta gaiteroak

17:00 Plaza Biribila: KALEJIRA ETA MOZORROEN LEHIAKETA: Epaimahaiaren aurreko pasearen hasiera.

(Ibilbidea: Plaza Biribila – Astarloa (Epaimahaia) – Zabalgunea – Colon de Larreategi – Albia)

17:15 Albia: KONTZERTUA

17:30 – 20:00 Berastegi – Kale Nagusia: “SELFI” Sardinarekin.

18:30 Zabalgune Eraikina: Familia ikuskizuna

19:30 Plaza Biribila: Botilari Kortxoa kentzea eta esparruaren itxiera.

19:30 Plaza Biribila: 7 Kaleetara jaistea

20:00 Santiago Plaza: Farolin eta Zarambolasekin Bilboko iturriko ura lehortu arte + Esparrua zabaltzea eta 7 Kaleak alaitzea.

21:00 Plaza Barriko karpa: Mozorroen lehiaketako sari-banaketa.

22:00 Plaza Barriko karpa: Aratusteetako Dantzaldi Nagusia

 

MARTXOAREN 3an, IGANDEA

09:00 Plaza Barriko karpa: Indaba lehiaketa: Izena ematea.

14:00 Plaza Barriko karpa: Indaba lehiaketako sari-banaketa.

 

MARTXOAREN 5ean, ASTEARTEA

19:30 Plaza Barriko karpa: Sardinaren hiletaren hasiera.

20:00 Arriaga Plaza: Sardina erretzea