Eskola solidarioak garapenerako lankidetzaren saria jaso du (bigarren aldiz, sariketa sortu zenetik), Bilboko Udalak uriko ikastetxeei ematen diena. Sariketaren helburu nagusiak hauek dira: publikoki aintzatestea euren ikasketa-orduetako batzuk ikasleak baliotan prestatzera bideratzen dituzten ikastetxeak, batik bat elkartasunaren, kultura-artekotasunaren eta giza eskubideen defentsaren alorretan, eta parte-hartzearen kultura sustatzea eta tankera horretako jarduerak bultzatzea.
Ekitaldi instituzionalean, Bilboko Udalak zortzigarren edizio honetan aurkeztu den beste ikastetxe baten lana aintzatetsi eta eskertu du: ‘School to School’ lana, Botikazar BHIarena, sentsibilitatea sortzeko eta lankidetzan aritzeko, Vicente Ferrer fundazioarekin batera ekintzak eginez. Bilboko gainerako ikastetxeak ere animatu ditu balio-eskolaren gai-zerrenda euren curriculumean sartzeko.
‘ELKARBRIÑAS, GURE AMETSETAKO ESKOLA’
Irabazi duen proiektuak kultur aniztasuna erakutsi eta baloratu nahi du, eskola-komunitate den aldetik, eskola solidarioago eta aberasgarriagoa osatuz, ikastetxe publiko honen aniztasun kulturala aprobetxatuta: bertako ikasleen % 16,2 beste herrialde batzuetakoa da eta beste hainbat ikaslek, Bilbon jaioak izan arren, beste jatorri batzuetako familiak dituzte.
Horrela, epaimahaiak baloratu egin du “ekimen honen interesa, eskola-komunitate osoa ikasleen jatorrizko herrialdeen errealitatera hurbiltzen duena, beraien kultura eta tradizioak ezagutzera emateko, horiek egiten diren jardueretan islatuz (...) eta txikienen artean jarrera solidarioagoak sustatuz, eskola-komunitatea ez ezik auzoa bera inplikatuz”.
‘Elkabriñas, gure ametsetako eskola’ ekimenak kultur aniztasuna bere osotasunean aztertzen du, zenbait ekimenen bidez:
- Kultur aniztasunaren tailerra: ikasleei hainbat kultura (arabiarra, afrikarra, latinoamerikarra, euskalduna...) hurbiltzeko, eskolaren zuzeneko isla baitira.
- Elkartasunerako jostailuak: Gabonetan, ikastetxean bertan zaurgarritasun handiena duten familiei emanez. Horrela, umeei elkartasunaren eta berdintasunaren balioak transmititzen zaizkie.
- Hezkidetza: familia-eredu ezberdinak eta errespetuzko harremanak aztertzen dira, indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa sustatzen da, eta harreman parekideen garrantzia azpimarratzen da, baita ekitatea, inklusioa eta kultur aniztasuna ere.
- Berdintasunaren aldeko photocalla: ikastetxeko guraso elkarteak martxoaren 8an antolatutako jarduera, egun hori ospatzeko egiten diren gainerako jardueren osagarri.
- Tipi-tapa: adingabekoen autonomia sustatzeko da, ibilbide seguruetan zehar ikastetxera bakarrik joan daitezen, oinez. Horrela, gainera, ohitura osasuntsuak bultzatzen dira.
- Bizkaiko Elikagaien Bankua: erakunde honen zergatia eta nola funtzionatzen duen landuz, ikuspegi solidario batetik.
- Expo Day in Luis Briñas: seigarren mailako ikasleen eskutik, beraiek hautatutako herrialde bati buruzko erakusketa antolatzen baitu (normalean, ikasleen edo beraien familien jatorrizko herrialde bat).
- Parte-hartzearen patioa: eskolako patioa espazio hezitzaile bihurtuz, zeinetan jolas-momentuak bizikidetzarako aprobetxatzen baitira.