Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak neofaxismoa errefusatzera deitu du bihar

uriola.eus 2019ko ots. 8a, 11:04

“Herrien Besarkada” Europar mailako ekintzaren aldeko elkarretaratzea Erriberako Merkatuaren plazan izango da, eguerdian.

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak “Herrien Besarkada” ekimenerako deia egiteko elkarretaratzea antolatu du otsailaren 9an. Erriberako Merkatuaren plazan bilduko dira, 12:00etan, “Harresi gehiagorik ez, zubiak eraiki ditzagun” lelopean, Europar Batasuneko migrazio-politikei arbuioa erakusteko.

“Herrien Besarkada” egitasmoa 2018ko azaroaren 11n aurkeztu zuten Artean Euskal Herriko zein kanpoko talde sozialetako 200 kide inguruk. Neofaxismoaren aurka borrokatzeko Europa mailako konpromisoa hartu zuten Bizkaiko udalerrira hurbildutakoek, eta migratzaileen egoera larrian Europako gobernuek eta enpresa transnazionalek duten erantzukizuna salatu zuten. Halaber, Europako eliteek bultzatutako krisi soziala kanpotarrei egoztea aurpegiratu zieten mugimendu neofaxistei. Artean hartutako konpromisoen artean, egoera jasaten dutenekiko “elkartasun aktiboa” adieraztea eta haiek “gizarteko partaide” kontsideratzeko hitza eman zuten.

Larunbateko elkarretaratzean 2014.urtean Tarajalen (Ceuta) Guardia Zibilak jaurtitako gomazko piloten ondorioz hildako hamabost migratzaileak oroituko dituzte. Estatura igerian heltzen saiatzen ari zirenean jaurtigaien inpaktua jaso eta ito egin ziren; kasua zeraman epaitegiak artxibatu egin zuen pasa den urtean, froga falta argudiatuta. Biktimen senideak haietako batzuen identifikazioa aldarrikatzen ari dira oraindik.