Aratusteetako kartela aukeratu dute

uriola.eus 2019ko ots. 11a, 09:33

Bilboko 2019ko aratusteek badute euren irudia, festa honen izaera lotsabako eta herritarra erakusten duena. “Sardinita Disfrazada” da urteko festarik alaiena iragarriko duen kartela. Jai hau otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean ospatuko da, eta Bizkaiko hiriburua herri-festan, dibertsioan eta adin guztientzako jardueretan murgilduko du.

Sardinita Disfrazada” da uriko aratusteetako kartel-lehiaketa irabazi duen irudia. Lehiaketa Bilboko Udalak antolatu du eta parte hartu nahi izan duten pertsona guztientzat irekita egon da.

Irabazi duen diseinua José Ángel Ligero Martinezek egin du. 2.000 euroko saria eskuratuko du, 6 finalistetan lehena izan delako, batetik herritarrek emandako botoei esker (azken erabakian % 75eko pisua izan dute) eta bestetik epaimahaiaren erabakiaren ondorioz (gainerakoa, % 25a, izan dena).

Herritarren parte-hartzea izan da lehiaketa honetako protagonista aurtengoan ere. 4.139 boto eman dira, bai modu presentzialean (Euskal Museoan), bai online (Bilboko Udalaren webgunean eta hedabide laguntzaileen bidez).

Epaimahaiak kide hauek izan ditu: Itziar Urtasun, Jaietako Batzordeko burua eta Bilboko Udaleko Jaietako Saileko zinegotzia; Asier Abaunza eta Beatriz Marcos zinegotziak; Miryam Artola (Muxote Potolo Bat-eko fundatzailea, sorkuntza arloko langilea eta CEOa) eta Mikel Martinez (Farolin eta Zarambolas 2018); Bilboko Konpartsen ordezkari bat, eta Julio Arrieta (El Correo) eta Ane Zabala (Bilbo Hiria Irratia) kazetariak.

Gero, sei proposamen horiek ikusgai jarri ziren eta bozkatu egin ziren; batetik, herritarrei bozkatzeko aukera eman zitzaien, modu presentzialean nahiz udalaren webgunearen bidez, eta epaimahaiak ere botoa eman zuen. Kartelen artean punturik gehien lortu duena izan da irabazle, kontuan izanik herri-bozketan jasotako puntuak eta epaimahaiak emandakoak.