Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak neofaxismoa gaitzestu du “Herrien Besarkada” ekintzan

uriola.eus 2019ko ots. 11a, 10:59

“Herrien Besarkada” Europar mailako ekintzaren aldeko elkarretaratzeak Erriberako Merkatuaren plazan jendetza bildu zuen.

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak “Herrien Besarkada” ekimenerako deia egiteko elkarretaratzea antolatu zuen Erriberako Merkatuaren plazan. Bertan,  “Harresi gehiagorik ez, zubiak eraiki ditzagun” lelopean, Europar Batasuneko migrazio-politikei arbuioa erakutsi zuten.

“Herrien Besarkada” egitasmoa 2018ko azaroaren 11n aurkeztu zuten Artean Euskal Herriko zein kanpoko talde sozialetako 200 kide inguruk. Neofaxismoaren aurka borrokatzeko Europa mailako konpromisoa hartu zuten Bizkaiko udalerrira hurbildutakoek, eta migratzaileen egoera larrian Europako gobernuek eta enpresa transnazionalek duten erantzukizuna salatu zuten. Halaber, Europako eliteek bultzatutako krisi soziala kanpotarrei egoztea aurpegiratu zieten mugimendu neofaxistei. Artean hartutako konpromisoen artean, egoera jasaten dutenekiko “elkartasun aktiboa” adieraztea eta haiek “gizarteko partaide” kontsideratzeko hitza eman zuten.

Larunbateko elkarretaratzean 2014.urtean Tarajalen (Ceuta) Guardia Zibilak jaurtitako gomazko piloten ondorioz hildako hamabost migratzaileak oroitu zituzten. Estatura igerian heltzen saiatzen ari zirenean jaurtigaien inpaktua jaso eta ito egin ziren; kasua zeraman epaitegiak artxibatu egin zuen pasa den urtean, froga falta argudiatuta. Biktimen senideak haietako batzuen identifikazioa aldarrikatzen ari dira oraindik.