Joan den abuztuan abiarazi zen Bilbon "EraStop" aplikazio mugikorra, Bilboko emakumeei segurtasuna eskaintzeko erasoen aurka, eta 15.000 lagunek jaitsi dute prebentzio- eta segurtasun-neurri moduan. Orain, herritar guztiak animatzen dituzte, gizon nahiz emakume, aplikazioa jaits dezaten, Udaltzaingoarekin zuzenean harremanetan jartzeko modua izatearren. Era horretan, inork, eraso bat jasaten ari delako edo delituren baten lekuko izaten ari delako, Udaltzaingoaren beharra izanez gero, Bilboko Udaltzaingoari abisu eman ahal izango zaio, berehala, deitu beharrik barik.
“EraStop” erasoak saihesteko plataforma bat da, guztiz doakoa, eta App Storen eta Play Storen dago eskura. Xedea da herritarrei segurtasun handiagoa eskaintzea. Behin aplikazioa jaitsitakoan, datu pertsonalak sartu behar dira interesdunaren telefono mugikorra geolokalizatzeko. Nahikoa da botoi bat sakatzea, abisuak Udaltzaingoaren koordinazio-zentroan zuzenean jasotzeko. Ez dago deitu beharrik. Aplikazioaren bitartez, berehala abisatzen da, eta Udaltzaingoaren esku-hartzea modu automatikoan jartzen da abian, mugikorrak erakusten duen lekura joateko.
Horixe da aplikazio honen balioetako bat, berehalako abisua deirik egin barik. Horrela, erasoa jasaten ari den pertsonak errazago eman dezake abisua. Aplikazio honek hiru funtzionaltasun dauzka:
- Eraso bat jasaten ari naiz. Larrialdietako botoia da. Botoi hori sakatzen duenak berehalako seinale bat bidaliko dio Udaltzaingoari bere geolokalizazioarekin. Horri esker, agenteak laguntza ematera joan ahal izango dira azkar batean.
- Salatu eraso bat. Indarkeria-ekintza bat ikusten ari denak, salatu egin dezake. Aukera horrekin, alerta bat bidaliko zaio poliziari, esku har dezan. Alerta horretan, erasoaren kokapena geolokalizatzen da.
- Etorri nirekin. Aldez aurretik, norbere kontaktuetan adierazi behar da nor izango den laguntzailea. Erabiltzailea etxera doan bitartean, laguntzaileak mapa birtual batean ikusiko ditu haren urratsak. Laguntzaileak ikusten badu uneren batean batean erabiltzailea bidetik aldendu dela edo ez duela aurrera egiten, laguntzaileak Udaltzaingoari deitu ahal dio.