Luma gaitzetsiaz harro

uriola.eus 2019ko ots. 14a, 17:31

Atarian dugu Zinegoak jaialdia. 16. edizioa datorren astelehenean hasiko da, eta LGTB+ kolektiboak hizpide dituen 140 jarduera antolatuko dira martxoaren 3ra arte. Urtero bezala, jaialdiak gai konkretua nabarmendu nahi izan du: luma aldarrikatzea izan da aurtengo erabakia. Julen Nafarrate Zinegoak-eko prentsa arduradunak dioenez, “bai gizartean eta bai kolektiboan lumafobia dago eta luma alboratzen da edo lotsatzeko zerbait dela ematen du”. 

Karteleko protagonista den Cassandro-n gorpuztu da antolatzaileen nahia. Maskulinitate hertsia nagusi den ofizioan -borroka librean, alegia-, arauak irauli eta maskulinitate eredu anitzago bat erakustea lortu du AEBetan sortutako mexikarrak. Bere bizitzaz, borrokez eta arrakastez diharduen dokumentala egin du Marie Losier zuzendariak, “Cassandro el Exótico”. Bi egunetan egongo da ikusgai: otsailaren 21ean Azkuna Zentroko zineetan proiektatuko da 20:00etan, eta otsailaren 25ean Art House Zineman ikusi ahal izango da 19:00etan.

Alta, dokumentalak jaialdiaren hanketako bat baino ez dira izango. Beste biak, FIK eta KRAK (esperimentalak bilduko dituena) izango dira. Nafarratek ‘Rafiki’ eta ‘Kartzela Bollerak’ gomendatzen ditu bereziki: “`Rafiki` Kenian grabatutako lehen pelikula lesbikoa da eta arazo pila izan dituzte han estreinatzeko. ‘Kartzela Bollerak’ dokumentalak han bizi diren emakumeen sexualitate disidenteak kontatzen ditu”.  KRAK sail esperimentalean ‘Le garçon sauvages’ gomendatzen du, “batzuentzako 2018. urteko peikularik onena” izan dena. Arte eszenikoentzako lekua ere izango da edizio honetan.

Pasa den urtekoa Hegoak elkarteak antolatzen ez zuen lehen Zinegoak jaialdia izan zen; arte eszeniko eta ikus-entzunezkoak soilik jorratze aldera, Zinegoak Elkartea sortu zuten. Ildo berrian murgildurik, jaialdiak hazten jarraitzen du, eta aurten ere berrikuntzekin dator: “Inoiz baino antzerki gehiago edukiko ditugu, baita generoa eta lesbianismoa landuko dituen bertso saioa”. Hala ere, jaialdiak luzera begirako erronka dezente ditu oraindik, euskararen presentzia, esaterako, prentsa arduradunak urria deritzona: “Dagokiona baino gutxiago edukitzen du”. Etorkizunean Euskal Herriko ekoizpen gehiago edukitzea espero du, eta euskal ekoizleei LGTB+ kolektiboaren gaiak jorratuko dituzten pelikulak sortzeko deia egiten die.

Zinegoak jaialdia erabat errotuta dago Bilbo eta inguruetan, urteek eta harrerak islatu bezala. Iaz, 10.000 lagun hurbildu ziren aretoetara, jaialdiko ekintzak lehen egunetik leporaino betez: Arriaga Antzokian izandako hasiera ekitaldian 800 pertsona egon ziren. Aurtengo hautaketak ere zine zaleak erakartzeko parada emango du, luma artean gordeta kalitatezko ikus-entzunezkoei so egongo diren beste, espero dugu, milaka lagun.