Liburuko protagonistak emakume grebalariak dira. Zortzi borrokalari elkarrizketatu dituzte: Maribel Sampedro Martínez, Ainhoa Menéndez Llamosas, Marina Costa Bonome, Verónica Aguado Otero, Lara Góngora Góngora, Marisol Rueda Espinha eta Aitziber Tolosa Contreras.
Haien ahotik kontatzen da 2016ko greba handia. Halako indar erakustaldia ez da, ordea, hutsetik sortu. Liburuaren lehen zatian, 1980ko urteetara egin dute atzera. ELA sindikatuak sektorean egindako apustuaren giltzarriak azaldu dituzte eta egoitzetako emakume zaintzaileen hazte prozesua kontatu.
2016ko martxoan hasi zen dena. Ia bi urtez luzatuko zen borroka, 378 egun greban. Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak kokoteraino zeuden. Ia langile guztiak emakumeak ziren, zaintza lanak egiten dituzten gerokultoreak, lan baldintza kaskarretan.
Ustekaberik ez, zaintza beti bezala emakumeen ardurapean, ordainik gabe edo gaizki ordainduta. Bosgarren hitzarmena sinatzea garaipena izan zen, baina borroka hark lan baldintzak hobetzea baino dezentez gehiago lortu zuen: emakumeak ahaldundu ziren, zaintza erdigunean jarri zuten, gizartea sentsibilizatzea lortu zuten, eta beste sektore feminizatu prekarioentzat eredu eta hauspo izaten ari da.
Liburu aurkezpenak
Otsailak 20, Bilbo, 19:00etan, Bira Kultur Gunean
Martxoak 7, Baiona, 20:30ean, Manu Robles-Arangiz Fundazioaren egoitzan