Galdera asko utzi zituen irekita Berri Txarrak taldeak joan den abenduaren 12an “etenaldi mugagabea” iragarri zuenetik. Asko izan dira geroztik taldearekin elkarrizketak lotzen saiatu diren hedabideak eta jakin-min horri erantzunez, prentsaren aurrean agertu dira ostegun honetan.
Gorka Urbizu taldeko abeslariak azaldu duenez, bera izan da etenaldiaren erabakia hartu duena, taldekideekin hitz egin ondoren. “Jotzeaz ez naiz aspertu, baina ez dut nire burua indartsu ikusten taldearen hurrengo urrats artistikoa pentsatu eta sortzeko”, adierazi du, Badok atariak jaso duenez.
Etenaldiaren beste arrazoia “bulkada artistikoa” da Urbizuren esanetan: “Sortzaile bezala hazteko alde batera utzi behar dut nire bizitzako taldea”.
Erabakia ez duela bat-batean hartu ere esplikatu du Urbizuk. Azken urteetan mahai gainean egon den aukera izan da, baina Zeelanda Berrian jo zuten milagarren kontzertua “mugarri” izan zela azaldu du.
Zaleen esperantza piztu dezakeen esaldi bat ere erantsi du: “Itzultzeko atea irekita uzten dugu”. Horregatik deitu diote “etenaldi mugagabea” eta ez amaiera.
Hiru zatitan banatutako bira
Hala ere, taldeak ez du nahi 2019an egingo duen Ikusi Arte Tour bira “beilategi” bat bihurtzea, 25 urtean egindako ibilbidearen ospakizuna baizik. Hiru zatitan banatuko dute amaierako bira: Espainiako Estatuko jaialdietan joko dituzten kontzertuak; "Beude" biraren barruan Euskal Herrian joko dituztenak –Navarra Arenako amaierakoak izan ezik– eta atzerrian egingo dituztenak.
Gainera, Galder Izagirre bateria-jotzaileak azaldu duenez, biraren helburua da Berri Txarraken zale bakar bat ez geratzea taldea ikusi gabe. Horregatik, oraindik iragarri ez duten beste kontzertu bat ere izango da 2019an, horren inguruko xehetasun gehiago eman ez duen arren.