Sridhar Rangayan, Indiako zinegile, ekoizle eta ekintzaileak Zinegoak 2019ko Ohorezko Saria jasoko du, Arriaga Antzokian egingo den Hasiera Ekitaldian. Antzokian bertan antolatutako prentsaurrekoan, Rangayan hunkituta agertu da aitormenarekin: "Niretzako ohorea da Zinegoakeko sari bat jasotzen duen Indiako lehenengo zinegilea izatea. Indian LGTBQ zinema egiten dugunentzat bultzada izango da, han ez dugulako baliabiderik, zentsura dagoelako eta zinemagintzaren industriak ez gaituelako batere laguntzen".
Ohorezko Saria jasotzeaz gain, Rangayanek bere azken lana, Evening Shadows, jaso zuen atzo, BBK aretoan antolatutako proiekzioan. Zuzendariak publikoarekin berba egiteko aukera izan zuen, eta bere azken lanen inguruan hitz egin zuen: "Nire pelikulak ez dira bakarrik artelanak, LGTBQ mugimenduaren erremintak ere badira".
Rangayanek hamarkada bi daramatza giza eskubideak eta sexu-aniztasuna lantzen. Bere zineak gai ezberdinei ateak ireki dizkie eta zentsuratutako ahotsen istorioak kontatu ditu”.
2001. urtean Rangayanek Solaris ekoiztetxea sortu zuen Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera. Solaris LGTB pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea da. Kashish jaialdia ere ekoiztetxearen bitartez antolatzen dute. Bombayko queer jaialdiak 10 edizio bete ditu eta mundu mailako erreferentzia bihurtu da.