Harrapazank gazte-programaren edizio berria abiatuko da. Programa hau 12 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrentzat da, eta euren gustuen araberako jarduerak eta esperientziak euskaraz eskaintzen ditu.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak (euskararen aldeko kultur elkarteen federazioak) antolatzen dute, gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta motibatzeko helburuarekin, modu erakargarri eta berritzaile batean.
Harrapazanken barruan programa bi daude:
1-TAILERRAK ETA GAMER GELA
Tailer hauek 12 eta 18 urte arteko gazteentzat dira, eta beraien zaletasunetan eta sormenean sakontzen dute. Barrutietako udaltegirik gehienetan ematen dira, otsailean eta martxoan (bihar, asteazkena, otsailak 20, lehenengoa hasiko da), baita Euskalduna zubian (graffiti tailerra) eta Zirkozaurren ere (zirku-tailerra). Bi orduko iraupena dute.
Tailer hauek eskaintzen dira: fantasiazko makillajea, irratia, hennazko tatuajeak, idazketa, zientzia bisuala, arropa norberaren gustura moldatzea, graffitia, antzerkia, marrazketa, smartphone bidezko argazkigintza, makillajea, dj-ak, diseinua, beatbox, popping dantza, zirkua, patinaje artistikoa, kantugintza.
Bestalde, bideo-jokoen tailerrak eskaintzen dira: GAMER GELA. Tailer hauek ordu eta erdi iraungo dute eta maiatzean emango dira. Gainera, eraginkorragoak izan daitezen, egunero bi talde egingo dira, bata seniorra, 16:30etik 18:00etara, eta bestea juniorra, 18:30etik 20:00etara. Ibaiondo, Begoña, Errekalde eta Basurtuko udaltegietan eskainiko dira.
Tailer guztiak doakoak dira eta euskaraz emango dira. Bilbon erroldatuta egotea da baldintza bakarra. Informazio gehiago hemen: www.harrapazank.eus
2-HARRAPAZANK ESZENA
Talentu-lehiaketa dugu hau, Bilboko gazteek hainbat diziplinetan duten trebezia erakuts dezaten, besteak beste antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketan eta txisteak kontatzen. Bi kategoriatan banatzen da:
- Harrapazank junior, 12 eta 15 urte bitartekoentzat.
- Harrapazank senior, 15 eta 18 urte bitartekoentzat.
150 gazte baino gehiagok eman dute izena. Martxoaren 25etik ekainaren amaierara arte hainbat fase beteko dituzte, euren kategoriako txapeldun izateko.
Lehiaketako parte-hartzaileak hautatu baino lehen, bi astez, entsegu luzeak egingo dituzte barrutiko udaltegietan, irakasle profesionalekin. Irakasleok euren arte-gaitasuna hobetzen lagunduko diete, euren trebeziak hobetzeko: Olatz Gamboa, Jon Casamayor, Ugaitz Alegría, Andrea Lopez, Ines Bermejo, Eñaut Asurabarrena, Paul Beitia, Koldo Olabarri eta Urtza Zuazo.