Berri Txarrak taldeak kontzertua eman zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian

uriola.eus 2019ko ots. 21a, 13:07

Hirian emango duten azkena da. Sarrerak berehala saldu zituzten. 

Berri Txarrak taldeak Bilbori agur esan zion atzo. Kafe Antzokian emandako kontzertua Bizkaiko hiriburuko azkena izango da, 'Ikusi Arte' birako egutegiari erreparatuta. Herenegun ere, otsailak 19, beste kontzertu bat eman zuten leku berean. Biak 'Beude' kontzertu sortaren barruan daude, taldearen azken biraren lehenak biltzen dituena. Multzo horretako kontzertuen sarrerak irten eta berehala agortu ziren.

Antzokiko ateak 21:30ean ireki ziren, baina jendeak aurretik ere zain zeraman. Bi ordu eta erdi inguruko kontzertua izan zen, eta taldeak abesti mitikoak jo zituen. 'Katedral bat' eta 'Oihu' abestiak errepikatu behar izan zituzten, publikoak eskatuta.

Otsailaren 14an eman zituzten 'Ikusi Arte Tour'-aren inguruko argibideak, eta hurrengo egunean hasi zuten bira Gernikan. Azarora bitartean, taldeak Euskal Herriko hainbat udalerritan joko du -gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egongo dira, 20:00etan-, baita Espainiar eta Frantziar estatuetako hainbat lekutan ere: martxoaren 1 eta 2an Valentzian arituko dira, eta apirilaren 6an Parisen. Bira Iruñean bukatuko da, azaroaren 22 eta 23an emango dituzten kontzertuekin.