Eragin asanbladak ludopatiaren aurkako mozioa aurkeztu du Udalbatzan

uriola.eus 2019ko ots. 21a, 12:35

Apustu etxe eta joko aretoak erregulatzeko neurriak proposatu dituzte.

Eraginen apustu etxe eta joko aretoen kontrako mozioa Udalera iritsi da, eta gaur goizeko osoko bilkuran aurkeztu dute. Gazteen ludopatia arriskua saiheste aldera, gutxiengo neurri hauek proposatu dituzte: lizentziak mugatzea, ikasketa zentroetatik 500 metroko perimetroan lokal hauek debekatzea, leku publikoetan publizitatea kentzea, gune hauek deigarri egiten dituzten elementuak -panelak eta argiak, esaterako- mugatzea, jokoaren eraginak aditzera emateko kanpainak bultzatzea eta ikasketa zentroetan kontzientziazio-programak antolatzea.

Asanbladak gazte jokozaleak ugaritzen ari direla salatu du, eta negozio mota hauek bultzatzen duten enpresei gazte prekarioen etsipena aprobetxatzea aurpegiratu die. Bestalde, azken urteetan jokozaleen batez besteko adin-tartea jaitsi egin dela ohartarazi du: apustu etxeetara doazenen %66 35 urtetik beherakoak dira, eta haietako %15 ludopatak bihurtzeko arriskuan daude.

Eragin Bilbok urte hasieran abiatu zuen jokoaren aurkako kanpaina. Urtarrilean, umeek eta gazteek jokatu ohi duten kirol-instalazio batean kokatutako joko etxe baten iragarkia ezabatu zuten. Horrez gain, Bilbobusek daramaten Casino Bilbaoko publizitatea kendu zuten pasa den hilabeteko ekintza batean. Halaber, ekimenak arazoa lehen lerrora bultzatzen ari dira.